Araba Fitness, Chock Dee Gym, Ganbara Yoga, Crossfit Gorobel, Laudio Wellness, Kaizem Gym, Sambitas eta Satya Yoga Eskola dira adierazpen bateratua sareratu dutenak. Osasun eta ariketa fisikoaren esparruetan lan egiten duten zerbitzu horiek euren egungo egoera azaldu dute, eta erakundeei eskatu diete neurri bereziak hartzeko eurei begira.
Hasteko, guztiek azpimarratu dute edukierak murriztu dituztela eta segurtasun neurriak ere handitu dituztela, kostu guztiak euren gain hartuta, nahiz eta bezero gutxiago izan.
Euren ustez, instalazioak seguruak dira, eta Estatu espainarreko datuak azpimarratu dituzte hori ziurtatzeko: positiboen %0,22 besterik ez da zabaldu horrelako azpiegituretan.
Hori dela eta, Aiaraldeko herritarrei -alboko herrian bizi edo ez- euren negozioetara joateko baimena emateko iradoki diete erakunde publikoei.
Halaber, ariketa fisikoak eta zaintzak osasunean duten eragin mesedegarria kontuan hartzeko exijitu diete Eusko Jaurlaritzari eta Foru Aldundiei, itxialdia ez ezartzeko euren zentroetan.