LABek mobilizazioak deitu ditu, alderdiek inplikazio erreala izan dezaten Eusko Legebiltzarreko Aiaraldeko ekimen sozioekonomikoan

Aitor Aspuru Saez 2020ko aza. 17a, 11:34

Gaurko agerraldiaren irudia./ Aiaraldea.eus

LAB sindikatuak ostiral honetan eta hurrengoan mobilizazioak egingo ditu. Helburua da alderdiak eta erakunde publikoak sakatzea, Eusko Legebiltzarrean eztabaidatuko den eskualdeari buruzko egitasmo sozioekonomikoa benetan eraginkorra izan dadin.

LAB sindikatuak prentsaurrekoa eskaini du gaur Laudion, eskualdeko hainbat sektoreko ordezkariren partaidetzarekin. Langile antolakundeak iragarri du mobilizatzeari ekingo diotela. Zehazki, ostiral honetan auto karabana egingo dute; eta hurrengoan, azaroaren 27an, manifestazioa, biak 18:00etan eta "Aiaraldeko etorkizunaren alde!" lemapean.

Mobilizazioen xedea izango da "klase politikoaren inplikazioa errealagoa izatea, eta propaganda gutxiagokoa". Izan ere, urriaren 22an Eusko Jaurlaritzak  aho batez onartu zuen Aiaraldeko egoera sozioekonomikoa suspertzeko ekimena.

Sindikatuaren aldarrikapenak

LAB sindikatuak, Ieltxu Oruetaren bitartez, azaldu du itxaropena dutela egungo egoera aldatzeko, baina azpimarratu du ezinbestekoa izango dela kaleak hartzea alderdiak eta erakunde publikoak sakatzeko.

Halaber, LABek argitu du oraindik ez dutela gonbidapena jaso egitasmoan parte hartzeko. Behin jasota, euren proposamenak aurkeztuko dituzte. Momentuz, aurreratu dute inbertsio ugari behar direla, "gutxienez, garraio publikoan".

Aiaraldea, maldan behera ekonomikoki

Ildo beretik, langile antolakundeak gogoratu du orain eskualdeak bizi duen gainbehera sozioekonomikoa ez dela COVID-19aren emaitza izan, baizik eta joera baten ondorioa, zeinean enpresak desagertu diren, lan baldintzak okertu eta kaleratzeko mehatxuak dauden. Horien eredutzat jo dituzte Tubacex eta Tubos Reunidos konpainien kasuak.

Hori guztia irudikatzeko, 2020ko iraileko datuak aipatu dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoan langabezia tasa %10,3koa den bitartean, Amurrion %15,4koa zen, eta Laudion %14koa. Amurrio, Artziniega, Arakaldo, Aiara, Orozko, Okondon, Laudio eta Urduñako langabeen kopurua, guztira, 2.685 lagunekoa izan da.

LABek azpimarratu duenez, horren guztiaren ondorioz, ehunka gazte joan dira Aiaraldetik kanpo bizitzera, lanpostu baten bila.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide