ERREPORTAJEA

Milaka herritar eta entitate, Euskaraldirako prest

Txabi Alvarado Bañares 2020ko aza. 19a, 11:50

Herri guztietan sortu dira Euskaraldia dinamizatzeko batzordeak. / Aiaraldea.eus

Aiaraldeko milaka herritarrek eta ehunka entitatek eman dute izena aurtengo Euskaraldian. Bihar -azaroak 20- hasiko da egitasmoa, eta abenduaren 4an amaituko da, eskualdeko herri guztiak batuko dituen ekitaldi batekin. 

Ostiralean -azaroak 20- hasiko da Euskaraldiaren bigarren edizioa. Aiaraldea prest dago erronkari heltzeko, milaka pertsonek eman dute izena Ahobizi eta Belarriprest gisa. 

Arigune bezala, aldiz, eskualdeko 243 entitatek parte hartuko dute guztira: 367 barne arigune eta 414 kanpo arigune  osatuko dituzte eta 819 parte hartzaile bilduko dituzte guztira. Gune horietan uneoro bermatuko da euskaraz hitz egiteko aukera, entitate barruan zein entitateak herritarrekin dituen harremanetan. 

Txapak jasotzea

Gauzak hala, Ahobiziek eta Belarriprestek ostiral honetan bertan jarri beharko dute txapa, abenduaren 4ra arte luzatuko den dinamikan aritzeko. Herri bakoitzak toki eta ordutegi batzuk zehaztu ditu txapak jasotzeko.

Jarritako zita horietara bertaratzeko aukerarik ez dutenek, aldiz, posta elektroniko edo telefono bidez jarri daitezke harremanetan euren herrietako batzordeetako kideekin, eta eurek azalduko diete zer pauso jarraitu behar dituzten. 

Egitarauak

Aiaraldeko udalerri guztietan sortu dira Euskaraldia antolatzeko batzordeak. Aretak, aldiz, bere batzorde propioa eratu du, dinamika propioak garatuko baitituzte bertan 15 egun hauetan. 

Dinamika orokorra kudeatzeaz gain, egitarau bereziak prestatu dituzte hainbat herrietan, giroa bero mantentzeko Euskaraldiak iraun bitartean. Urduñan jarduera andana egingo dute: ginkana, zinema emanaldia, umore ikuskizuna eta “scape room” jokoa, besteak beste. Ekintzetan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, Alondegian. Lehen asteburuko ekintzetan inskribatzeko epea astelehenean amaitu zen. Bigarren asteburukoetara batzeko azaroaren 20a izango da azken eguna. Abenduaren 3ko hitzaldira bertaratzeko, aldiz, 26a baino lehen bete beharko da inskripzioa. 

Aretan mintzodromoa, zinema emanaldia eta mendi ibilaldia egingo dituzte, ordutegiak eta bestelako nondik norakoak oraindik zehazteke dituzten arren. 

Aiaran, ginkana
Aiaran ere jarduera ugari prestatu dituzte, eta online egingo dituzte denak. Horrez gain, ginkana bat ere egingo dute Euskaraldiak irauten duen egunetan zehar. 

Bost pista emango dituzte guztira udalaren difusio taldeetatik eta hedabideetatik, eta tokia edo objetu guztiak topatzen dituen lehen herritarra izango da irabazlea. 

Amaiera ekitaldia

Abenduaren 4an, aldiz, Euskaraldiari amaiera emateko ekintza egingo dute. Ekitaldi bateratua izango da, eskualdeko herri guztiak Internet bidez batuko dituena. Ondoren, herri bakoitzean kultur emanaldi batez gozatzeko aukera egongo da, euskararen aldeko 15 eguneko maratoiari amaiera emateko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide