Azaroaren 25aren atarian, ekimen ugari deitu dituzte

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko aza. 19a, 11:58

Elkarretaratzea egin zuten maiatzean eraso matxista bat salatzeko. / Aiaraldea.eus

Instituzio publikoek zein Mugimendu Feministak antolatu dituzte ekintzak, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta. Hitzaldiak, proiekzioak, antzerki emanaldiak edota mobilizazioak egongo dira, besteak beste.

Urduñan eta Amurrion izango dira jarduera gehienak aurtengo azaroaren 25ari dagokionez. Arrankudiaga-Zollon ez dute ezer antolatuko, COVID-19ak herritarrengan izandako eragina medio. Laudioko Udalak ere ez du ekitaldi ez elkarretaratzerik deitu. Laudioko Mugimendu Feministarena izango da, beraz, azaroaren 25ean herrian izango den mobilizazio bakarra: 19:00etan abiatuko da Lamuza plazatik, eta elkarretaratze zaratatsua zein ibiltaria izango da, erantsi dutenez.

Amurrion, Udalak sustatu du programazio gehiena. Iragan ostiralean ekin zioten –azaroak 13- egitarauari, Fabricando mujeres dokumentalarekin. Ostegunean –azaroak 18- izango da hurrengo tailerra, online bidezkoa “kontsumoa eta indarkeria matxistak” jorratzeko. 18:00etatik 19:30era iraungo du, eta izena eman beharko da parte hartzeko berdintasuna@amurrio.org helbidean. Azaroaren 25ean, aldiz, elkarretaratzea egingo dute Juan Urrutia plazan, 19:00etan. “Aurretik, 18:30ean Oihulari Klown konpainiak indarkeria matxistari buruz umorez hitz egiten duen emanaldia eskainiko du”, adierazi dute.

Biharamunean –azaroak 26- eskainiko dute azken ekintza, Irantzu Varelaren No hay matriarcado en el supermercado bakarrizketa, hain zuzen. Emanaldiaz gozatzeko berdintasuna@amurrio.org postara bidali beharko da mezua, “sarrera doakoa da baina beharrezkoa da izen-ematea”. 

Amurrioko neska gazteek, bestalde, datorren astean zehar hainbat ekimen egingo dituzte, aurreratu dutenez: “Ikastetxeetan tailerrak antolatuko ditugu, eta azaroaren 25ean mobilizazioa egingo dugu Mugimendu Feministarekin batera”.

Urduñan, “Zinegoak” festibala izan da indarkeria matxistaren aurkako jardunaldien gailurra. Azaroaren 15ean egin zuten 18:00etan film laburren saioa. Alabaina, edadetuak ere izan dituzte foku egitaraua osatzean. Horren adibide da Zaharren etxean astelehenean –azaroak 16- burututako “El buen trato como proyecto de vida” hitzaldia, Izaskun Zarrandikoetxearen eskutik.  Umeei begira, halaber, Araitz eta Tulipa ipuin kontaketa  gauzatu zuten azaroak 17an. Datozen egunetan ere izango dira jarduerak: ostiralean -azaroak 22- maskarillak margotzeko tailerra egingo dute Foru plazan 12:00etan, eta azaroaren 25ean ekitaldi bikoitza antolatu dute. Batetik, elkarretaratzea (18:30ean, Foru plazan); eta, bestetik, Llueven vacas antzerki saioa (19:00etan, Bainuetxe Hotelean).

Ia herri guztietan egingo dituzte ekintzak, COVID-19ak jarduerak baldintzatuko dituen arren

Bandera moreen banaketa

Artziniegan, Aiaran eta Okondon, berriz, bandera moreak banatuko dituzte balkoietan eta leihoetan jartzeko.

Artziniegan, ostiralean  -azaroak 20- udaletxe kanpoan jarriko dute mahaia, baina Arteko Gure Ama Eskolan etxeetara bidaliko dituzte ikasleen bidez ere. Horrez gain, elkarretaratzea egingo dute frontoian, “Artziniegan indarkeria matxistarik ez” banderekin.

Okondon, ordea, liburutegia baliatuko dute euskarriak banatzeko, 17:00etatik 20:00etara hain zuzen. Udaletxean, ostegunean egongo da jasotzeko aukera 8:00etatik 15:00etara, Berdintasun Arloan. Alabaina, Etxaurren Ikastolak ere familia eta etxeetara bidaliko ditu aldarrikapen eta salaketarako euskarriak. Azaroaren 25ean, ohi gisa, “Okondon indarkeria matxistarik ez” elkarretaratzea egingo dute. Bestalde, azaroaren 28an Maitena Monroyrekin autodefentsa feminista tailerra egongo da egun osoz. Informazio gehiago jasotzeko edo apuntatzeko 686587889 zenbakira dei daiteke, azaroaren 26a baino lehen.
Aiaran, bestalde, igandean -azaroak 22- elkartuko dira, Arespalditzan hain zuzen, “esparru feminista sortzeko eta emakumezkoen zapatak arboletatik eskegitzeko”. Gainera, “postontzi morea” kokatuko dute 11:00etan, “emakumeek toki bat izan dezaten bizitako egoera matxistak partekatzeko era anonimoan”. Dinamikaren aurkezpena da egingo dutena, batik bat, eta panelak estreinatuko dituzte herrietan gune feministak izateko: “Paneletan argi gorria jarriko da, indarkeria matxista kasuak daudenean martxan jartzeko 24 orduz”. Azaroaren 25ean ostera batuko dira, 18:00etako elkarretaratzean, Ferialean.

Beldur Barik topaketa

Orozkon gaur hasiko dute kanpaina, punto more eta propaganda banaketarekin, "pankarta ere eskegiko da". Ostiralean izango da ekitaldi nagusienetako bat, Emakundek antolatutako "Beldur Barik Jarrera 2020" arte lehiaketaren topaketa eta sari banaketa eskainiko baitute. Bestalde, azaroaren 25ean 19:00etan bilduko dira Zubiaur plazan indarkeria matxista salatzeko mobilizazioan. 15 minutuko bilkura izango da, ordea. Segidan, Las ranas no comen arroz antzerkiak hartuko dio lekukoa, 19:15ean Donibane aretoan.

Azkenik, Aiaraldeko Beldur Barik lehiaketaren sari banaketa egongo da, azaroaren 27an Orozkon. 18:00etan online bidez zabalduko dute ekitaldia ere. Horrenbestez, genero indarkeriaren aurkako borrokak eta ekimenek ez dute etenik izango eskuladean datozen egunetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide