ERREPORTAJEA

Zer nolako indarkeria matxistak bizi dituzte Aiaraldeko gazteek?

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko aza. 23a, 08:32

Aurtengo martxoaren 8an hartutako irudia. / Aiaraldea.eus

“Aski eta aske” tailer eta test bidez, indarkeria matxistari buruzko 250 gazte baino gehiagoren bizipenak eta iritziak jaso ditu Aiaraldea Komunikabideak. Hirutik batek salatu du gorputza baimenik gabe ukitu izana. 

Zer pentsatzen dute Aiaraldeko gazteek genero indarkeriari buruz? Aiaraldea Komunikabideak ikerketa egin du 14-18 urtekoen artean. Guztira 250 gazte baino gehiagok erantzun dute indarkeria matxistari buruzko galdetegia.

Zehazki, 262 pertsonaren iritziak aztertu dira, emakumeak izan dira horien %50 eta gizonezkoak %47,3. Dena den, sistema ez-binarioan kokatu dira %7. Horrenbestez, neska edo mutiletik harago, genero gehiago daudenaren jakitun dira egungo nerabeetako batzuk, behintzat.

Sexu identitatea definitzerako orduan, %49.6k bere generoa libreki erabaki duela erantzun du, %29.4k jaiotzetik ezarri ziotelako adierazi duen bitartean. Alta, %11.8k zehaztu du ez dakiela arrazoia.  %9.2k, ordea, bestelako argudioak aipatu ditu: “zakila dudalako”, “mutila sentitzen naizelako”… Besteak beste, genero aniztasuna areagotzen doan gizartean, sistema binarioaren defentsa tinkoa egin du “Aski eta aske” tailerretako partaideetako batek: “Gizonezkoa naizelako kokatzen naiz genero horretan, bakarrik bi genero egon behar dira: emakumezkoa eta gizonezkoa, eta kitto”.

Baimenik gabe gorputza ukitu diotela salatu du %31,3k, hirutik batek

Genero zapalkuntzak agerian

Galdetegiko partaideen (262 lagun) %29 sentitu da generoagatik noizbait gutxietsia edo zapaldua. Adibideen artean denetariko egoerak atera dira. “Mutilek gorputz ahalera gehiago dutela esan didate”, dio batek, esaterako. Ildo beretik, kirol lehiaketetan gizonari emakumeari baino garrantzi handiagoa ematen zaiola argudiatu du beste ikasle batek; “eremu eta sari hobeak, ospe handiagoa…”.

Ikasgelan ere, “indarrarekin zerikusia duen zerbait denean, neskei ez digute inoiz egiten uzten”, azpimarratu du testigantzetan beste batek.
Irain matxistak ere ez daude nerabeen egunerokotasunean urruti: “Komentario matxistak entzuten ditugu. ‘Joan ontziak garbitzera’ eta horrelako gauzak brometan esan arren, denbora guztian errepikatzeak min egiten dit”.

Ikastetxeko esparruetan ere jaso da lekukotzarik: “Maisuak mutiko baten erantzuna zurea baino baliagarriagotzat hartzen duenean, adibidez. Mutilek gehiago jakingo balute bezala jokatzen dute, klasean askotan gertatzen da”.

Beste kide batek, kontrolatua sentitu dela aitortu du: “Egin nahi ez nituen gauzak egitera behartu naute”. Gauez edo etxera joatean beldurra izatea edo kaletik oihuak jasatea dira azaleratutako beste adibideetako bi.

Kirol jardueretan hainbat indarkeria kasu gertatu dira, gazteen hitzetan. Solaskide baten arabera, “kirola egiten  nuen lekuan nesken gauzak ez ziren konparagarriak mutilenekin: material gutxiago eta txarragoa genuen; arroparik zaharrena…”.

Etxera bidean, beldurra sentitu du %55,7k, eta soinean daramanagatik epaitua sentitu da %32,8

Familia barnean ere bizi izan dituzte erasoak, aditzera eman dutenez: “Nire senide batek ipurdia ukitzen zidan jakinda nik ez nuela nahi”. Beste gazte batek,aldiz, osabak “dama” izateko modalak erabiltzeko duen insistentzia kritikatu du, “ez du nire ustea entzun nahi” erantsita.

Lagun artean ere ikusi –edo eragin- dituzte gorriak eta bi, “Aski eta aske” tailerretan aitortu dutenez: “Mutilek ipurdia begiratzen didate, eta komentarioak egiteaz gain, euren zakila ukitzen dute. Ikasketa buruari esatea gustatuko litzaidake baina ez naiz ausartzen”. Autotik oihukatzea, toki desberdinetara jarraitzea edota arropagatik gutxiestea ere salatu dute zenbaitek. Iritzien artean, gizonezkoen kezkak ere badira: “Oraingo neskak feminismoaz aprobetxatzen dira, eta adibidez beraiek gu jotzean, ez da ezer gertatzen. Aldiz, alderantziz izango balitz matxista hutsak izango ginateke”.

Kontzientziazioa

Indarkeria matxista jasan duzula uste duzu? Eta eragin duzula? Galdera horiek ere luzatu zaizkie ikerketan parte hartu duten lagunei. %21.4k aitortu du genero indarkeria bizi izana (%78.6k ezetz dioen artean), eta %91.6k pentsatzen du ez duela biolentziarik eragin. Kaletik jarraitzea da gehien errepikatutako joeretako bat, edo txistuen ondorioz pausoak azkartu behar izatea.

Txikitako oroitzapenak ere markatu ditu zenbaitetan genero indarkeriak: “Eskolan mimikara jolasten genbiltzan, eta mutila medikua zen. Adibidea egiteko titi bat ukitu zidan, eta oso txarto pasa nuen. Beste batean, mutiko batek kolpe bat eman zidan bular batean, eta maisuak nerabeen gauzak direla esan zuen, garrantzia kentzeko”.

Bikote harremanetan ere piztu dira alarmak: “Mutil lagunak nahi ez nituen gauzak egitera behartu ninduen”.  “Nire baimenik gabe argazkiak atera eta ukitu ninduten”, aipatu du inkestan beste batek. Hain zuzen, baimenik gabe gorputza ukitu izana salatu du %31,3k, hirutik batek.

Etxera bidean, beldurra sentitu du %55,7k, eta soinean daramanagatik epaitua sentitu da %32,8.

Indarkeria jasanez gero erasotua babestu eta salatzera animatuko luke %71k

Erasoaren aurrean, gazteen joerak

Dena den, bikoteak ez du mespretxuz tratatu %93ren aburuz. Horrenbestez, kontzientziaziorako eta prebentziorako lanketek balio izan dute: indarkeria jasanez gero erasotua babestu eta salatzera animatuko luke %71k. Partaideen %10,7k erasotzailea salatuko luke, eta indarkeria geratzeko eskatuko lioke. %5k, berriz, erasotua babestuko luke, baina ez luke salatzen lagunduko. Hala ere, bada erasotzailea babestu eta indarkeria onartuko lukeenik, %2.7 hain zuzen. %4.7k, ordea, ez luke pausorik emango, “nahiago dut tartean ez sartu eta ez busti”.

“Denok libre gara edozer egiteko, baina ez mina egiteko” esanez borobildu du tailerraren bukaera gazteetako batek. Aski eta aske izateko bidean, beste urrats bat gehiago.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide