ERREPORTAJEA

Gazteen ahotsak eta indarkeriaren hotsak

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko aza. 21a, 07:30

Aurreko martxoaren 8an Laudioko ateratako irudia. / Aiaraldea.eus

Heziketa liburu eta roletatik hasita, harremantzeko eta espazioak hartzeko moduetaraino agerikoa da genero indarkeriak gazteengan duen eragina.  Oso barneratuta egonagatik, hautsi edo salatzekoak dira indarkeria matxistaren joerak: emakume izateagatik gutxiestea, kontrola, errudun sentiarazteko joera, sare sozialetako edo telefono bidezko jazarpena eta abar luze bat.

Nola jabetu indarkeria matxista jasan edo eragin dugula? Izebergaren teoriak agerian uzten ditu egunerokotasunean barneratutako biolentzia egoerak. Metaforari helduta erraz ulertzeko, urazalean modu agerikoan azaltzen dira oihuak, mehatxuak, irainak, eraso psikiko zein fisikoak, bortxaketak edota erailketak. Urazpian, aldiz, ikusezinak diren jarrera edo ekintzak kokatuko lirateke: gutxiestea, erruduntzea, umore edota txiste matxistak, hizkuntza sexista, kontrola, anulazioa, xantaia emozionala, umiliazioa, emakume izateagatik entzungor egitea... Adibide eta aurpegi asko ditu indarkeria matxistak, ezbairik gabe. Azken urteetan ahalduntze eta kontzientziazio ariketa kolektibo zein pertsonal asko garatu badira ere, lan handia dago egiteko oraindik heziketa zein hezkuntza esparruetan. 

Matxismo ezkutua

Luis Bonino Mendez autoreak “mikromatxismo” kontzeptua sortu zuen, indarkeria ikusezinak bistaratzeko. Oro har, jarrera normalizatu eta naturalizatuak dira, haren iritziz. Beste zenbaitentzat, baina, izendapena ez da egokia, mikro aurrizkiak arazoaren larritasuna txikitzen baitu. Edozelan ere, askorentzat, bikote testuinguruan identifikatzen da errazen genero indarkeria, baina bestelako eremuetan ere oso presente dago: hezkuntzan, lan munduan, kaleko eta etxeko bizitzetan, familian, lagun artean...

Gazteen arteko harremanetan, hezkuntzan zein aisialdian, ugariak dira indarkeria matxista jasateko moduak. Genero indarkeriak sare sozialak eta bestelako esparruak ere hartu ditu

Nola identifikatu, ordea, egunerokoan indarkeria matxista ezkutua? Modurik eraginkorrena, zapalkuntza egoerei hitza jartzea da.  Esate baterako, talde ertain edo handietan kokatzen garenean, nolako jarrerak hartzen ditugu? Nork hartzen du hitza edo iniziatiba gehienetan? Edota, espazio komunetan -jolastokietan, zelai edo parkeetan zein festa eremuetan- nork hartzen du espazio gehien? 

Arrosa eta urdinaren bereizketari jarraiki, txikitatik ezarri izan zaie sexuaren araberako rola pertsonei. Genero identitatea libreki hautatu ordez (emakume-gizon sistema binariotik harago norbere identitatea definitzeko era gehiago daude),  izateko modu bat bultzatu  du sistemak. Horren arabera, botere edo aukera gehiago -edo gutxiago- eman izan zaio jendeari. 

Hala, indarkeria matxistaren ondoriotzat jotzen dira espazio publikoetan gune gehiena gizonezkoek hartzea, gorputz edota ahots bidez, talde handietan (geletan, bileretan...) nesken ahotsa gutxitan aditzea, edota gizonezkoen jakintzaren nagusitasuna (ikas zentroetako liburuetako protagonistak edo erreferenteak, esaterako, askotan al dira emakumezkoak?).

Finean, generoaren arabera rol eta estereotipo batzuk ezartzen ditu jendarteak, zinez barneratuta  daudenak.Horren ondorio dira, esate baterako, emakumeak etengabe epaitu eta kritikatzea (itxura fisikoagatik, besteak beste), mutilek gaztarotik nesken aurrean nagusitasuna markatzea, sare sozialetako edota telefono bidezko kontrola, itxura edo “edertasuna” medio  errespeturik gabe iruzkintzea Instagram, Facebook edota bestelako espazio digitaletako argitalpenetan eta abar.

Kontrola zein gutxiespenetik harago, asko dira egunerokotasunean ikusezinak bezain errepikakorrak diren egoerak

Gazteen arteko harremanak

Ikerketen arabera, 15-29 urte bitarteko gazteen %27.4k uste du genero indarkeria normala dela bikote harremanetan.  Ildo beretik, 2019ko datuen arabera, salaketa jarri zuten emakumeen %38, 30 urtetik beherakoa izan zen Nafarroan.  “Betirako maitasun harremanaren ideiak”, eragiten ditu halaber menpekotasun edo menderatzeko egoera asko. Adiera leunenera ekarrita, zenbat aldiz bihurtu dugu guk ere lagun bat bestearen menpeko, bata bestearen bikote dela esanda, pertsona independiente eta libre gisa aurkeztu beharrean?

Sare sozialean agerpenak ere nabarmen eragin du jarrera sexistetan, gazteen artean batik bat, berauek baitira erabiltzaile masa handiena. Desirei erantzunak bilatzeko garaian, zeharo ezberdina da neska-mutilek hartzen duten bidea, edota helburua lortzeko modua: desio edo maite dugunaren arreta eskuratzeko zapalkuntzak baliatzen dira sarritan. Indarkeria horiek intentsitate baxukoak dira ohikoan (ahotsa gainjartzea, emakumea gutxiestea, tonua eta espazioaren okupazioa...). Maiztasuna handitzerakoan, baina,  (alegia, jarraikortasuna badu) ageriko biolentzia bihur liteke, kontroletik jazarpenera (biolentzia psikologikora) oso tarte txikia baitago. 

Ikerketen arabera, 15-29 urte arteko gazteen %27.4k uste du genero indarkeria normala dela maitasun harremanetan

Gauzak antolatzeko ardura banaketetan ere nabari da bereizketa, noiz edo noiz: nork hartuko luke armairu edo mahaiak mugitzeko ardura? Espazioak erabiltzerako orduan, nagusitasuna markatzen al da? Berdin eseri edo hartzen al dugu espazioa neskek eta mutilek? Ahotsaren bolumenean sumatu al duzue inoiz zapalkuntzarik?

Erlazioez gaindi, kultur produkzioetan (hainbat  musika abestitan, bideoklipetan, bideo-jokoetan...) antzeman daitezke zapalkuntza egoerak, jarrera edota mezuak. 

Berdintasunean bizi edo heziak izan garen garaiotan, beraz, bada zer hausnartu eta eraldatua, norberarengandik hasita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide