Milaka Ahobizi eta Belarriprest batu dira aurten ere Euskaraldira. "Ariguneak" ere martxan daude. Eskualdean, zehazki, 243 entitate ariko dira euskaraz jarduteko espazioak eskaintzen. Barne ariguneak 367 izango dira, eta kanpo ariguneak 414.
Milaka lagun ari dira eskualdean Ahobizi eta Belarriprest gisa parte hartzen, eta 243 Arigune daude martxan
19:00etan eman diote hasiera dinamikari eskualdeko udalerri gehienetan. Urduñan, herritarren argazkiekin osatu dute panela; eta hainbat kaleetatik iritsi dira Euskaraldia iragarriz Foru plazara. Bertan zegoen kokatuta pantaila erraldoia, eta txistulariek egin diete harrera Ahobizi eta Belarriprestei. Segidan, Urduñako Euskaraldiko Batzordeko kideek pregoia irakurri dute eta, jarraian, txupina jaurti dute. Horrez gain, bideo proiekzioa egin dute azken asteetan ateratako norbanakoen argazkiekin, herritarrek hartutako konpromisoari ikusgarritasuna emate aldera. Osasun egoera dela-eta, bertan behera utzi behar izan dute "scape room" jolasa.
Aiaran, aldiz, ginkana abiatu dute online. Gainontzeko herrietan txapa banaketa izan da Euskaraldiari hasiera emateko prestatutako ekintza bakarra.
Asteburuan ekintza gehiago
Datozen egunetan jarduera gehiago egongo dira. Herriz herri, ondorengoa izango da egitaraua:
- Larunbatean, 19:00etan, Urduñan bakarrizketa umoretsua Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen eskutik.
- Larunbatean, 19:00etan, musika emanaldia Aiaran, online.
- Igandean, 9:30ean, Aretatik, mendi ibilaldia.
- Igandean, 17:30ean Urduñan, helduentzako zineforuma.
Argazkiak: Izar Mendiguren Cosgaya, Samuel Pasandin eta David Rodrigez