Gaur Luiaondoko Administrazio Batzarrean eztabaidatuko da, besteak beste, Kantauriko Urkidetzaren disoluzioa. Norabide horretan partzuergoko Gobernu Batzordeak egin ditu urratsak eta barruan dauden erakundeek berretsi beharko dute erabakia.
Julen Ibarrola erakundeko presidenteak aurreratu du hurrengo hilabetean batzarra egingo duela Kantauriko Urkidetzak eta bertan onartuko dela disoluzioa, baina aurretik barne hartzen duten egiturek ere babestu beharko dute erabakia.
Behin eskualdeko egitura hori deseginda, hainbat tokiko erakunde sartuko dira Urbiden, hau da, Arabako Foru Aldundiak sustatu duen ur partzuergoan.
Irailean erabaki zuen Kantauriko Urkidetzak partzuergoa disolbatzeko urratsak egitea
Erabakia hartuta irailean
Kantauriko Urkidetzak berak jakinarazi zuen urrian zenbait bilera egin zituela Urbideren aldeko apustua egiteko. Markixana eta Basaurbeko araztegien eraikuntzarekin eta etorkizuneko kudeaketarekin lotu zuen erabaki hori.
EH Bilduren oposizioa
Erabakia oraindik hartu ez bada ere, EH Bilduk aurreratu du horren aurka egingo duela eta, zehazki, Amurrioko Udalean eskatuko du prozesua gelditzea, plenoan. Koalizioak uste du Urbidek ez duela zerbitzua bermatuko eta honakoa adierazi du: "Arabako Foru Aldundiak bultzatutako partzuergo bakarrak ez du bermatzen zerbitzuak epe motzera ematea, ezta etorkizun hurbilean bideragarri izatea ere. EAJk bultzatu zuen Urbide 2018an, eta, gaur egun, Araban dauden 350 erakunde kudeatzaileetatik 76 partzuergo horretan sartu dira. Partzuergo horrek ezin du uraren zikloaren kudeaketa integral egokia egin. Izan ere, haren ezarpenak ez du arro hidrografikoetan oinarritutako logikarik, hura osatzen duten erakundeak erabat sakabanatuta baitaude lurraldean zehar".
EH Bilduk eskatuko du Amurrion prozesua atzeratzea eta Urbiden sartu ordez, bestelako kudeaketa ereduak aztertzea
Zehazki, Urbidek proposatzen duen kudeaketa ereduaren ordez, beste bat aztertzea eskatu du EH Bilduk: "Uraren kudeaketari uko egiteak eta EAJk bultzatutako kudeaketa eredu 'zentralizatuaren' alde egiteak ondorio larriak ekarriko ditu, hala nola tarifak ezartzeko gaitasuna galtzea, azpiegitura hidraulikoak egiteko kontratazioak bere esku uztea eta maila altuagoko erakundeek ezarritako udalaz gaindiko zeharka lotutako gauza guztien gaineko kontrola eta erabakitzeko ahalmena galtzea".
Kantauriko Urkidetza
Kantauriko Urkidetzak uraren ziklo integrala du helburu eta 1999an sortu zen. Besteak beste, ur edangarriaren horniketa kudeatu du geroztik eta eskualdeko 4 udalerrik osatu dute: Amurriok, Aiarak, Artziniegak eta Laudiok.
Udalerri horietan dauden Administrazio Batzar guztiak barruan ez badaude ere, gehienek bat egin zuten. Zehazki, honako hauek geratu ziren soilik kanpoan: Salmanton, Menoio eta Menagarai Aiaran eta Delika, Tertanga, Lezama, Aloria eta Saratxo Amurrion.
Patzuergoaren eginkizunen artean honako azpiegitura hauek kudeatzea dago: Maroñoko eta Artziniegako urtegiak, 6 araztegi edota 5 ponpatze-estazio.