Kantauriko Urkidetzaren jarduera bertan behera uztea eta Arabako Foru Aldundiak sustatutako Urbide ur partzuergoan parte hartzeak eztabaida politikoa piztu du alderdien artean.
Hain zuzen, ostegunean Amurrioko Udalak eskualdeko ur partzuergoa desegiteari eta Urbiden sartzeari eman zion argi berdea. Txerra Molinuevo alkateak araztegien eraikuntzarekin lotu zuen erabakia: “Amurrioko Udala Urbide Ur Partzuergoan sartzeak dagoeneko eraikitzen ari diren araztegi berriekin sortuko diren aldaketei berme osoz aurre egiteko aukera emango du. Ostegunean onartutako atxikipenari esker, Amurrioko herritarrei ez zaie uraren prezioa igoko”.
EAJren irakurketarekin ez du bat egiten, ordea, EH Bilduk. Gauzak horrela, Artziniegan bi eztabaidagai horiek atzeratzea eskatuko diote Kantauriko Urkidetzari, koalizioaren gehiengoari esker. EH Bilduk salatu du Kantauriko Urkidetzaren Gobernu Batzordeak urriaren 26an ebatzi zuela erakundearen disoluzioa azaroak 30 aurretik egitea, abenduaren 10ean indarrean sartzeko. Koalizioak salatu du ez dituela argi ikusten Urbiden parte hartzeko abantailak, eta ez duela ulertzen zergatik hartu behar den erabakia presaka. Ondorioz, eztabaida luzatzea eskatuko du, 2021eko lehen hiruhilekora hain zuzen.
EAJren apustua
EAJk eta EH Bilduk, Urbide ur partzuergo arabarrari dagokionez, oso bestelako iritziak dituzte. EAJk horrela azaldu du proiektua: "Urbide Ur Partzuergoak 2019an hasi zuen bere ibilbidea, Arabako Foru Aldundiak sustatuta, eta Arabako Uraren Ziklo Integrala modu bateratu, eraginkor eta iraunkorrean kudeatzea du helburu. Ura kudeatzeko eredu berri horrek uraren hornikuntzaren, edangarritasunaren, estolderiaren eta arazketaren kudeaketan batu nahi ditu indarrak. Azpiegitura hidraulikoen kontrola hobetzeaz gain, kudeaketa profesionalizatuaren bitartez, besteak beste, Nerbioi ibaira eta haren erreketara egiten diren isurketak murriztuko ditu, eta gerta daitezkeen ezustekoen aurrean erantzuteko gaitasun handiagoa izango du, ingurumen arloko Europako araudia betetzea bermatuko duen testuinguruan".
EH Bildu: "uraren kudeaketa oparitu nahi du EAJk"
EH Bilduk ordea, kritika oso zorrotzak plazaratu ditu Urbideri buruz. Hasteko, EAJri leporatu diote prozesu guztia modu ilunean eramatea, beldurra eta xantaia baliatuta. Izan ere, jeltzaleek zein sozialistek, udal eta administrazio batzordeei Arabako Foru Aldundiak Urbiden daudenen arazo ekonomikoak soilik hartuko dituela bere gain jakinarazi diete, koalizioaren arabera.
Horrez gain, EAJ zein PSE-EEri egotzi egin diote oposizioa bestelako taldeak baztertzea, "Urbideko gobernu ataletan gehiegizko ordezkaritza hartzea" alegia. Koalizioaren aburuz, "Urbide modu alderdikoian sortu da, bermatu gabe herritarren beharrak asetuko direnik".
Azkenik, EH Bilduk zabaldutako adierazpenean azpimarratu dute Urbidek zenbait mehatxu ekarri ditzakeela: uraren zerbitzuaren tarifa kontrola galtzea, urari lotutako tokiko erabakietan eragina galtzea, zerbitzu okerragoa ematea, tokiko enpresa txiki eta ertainen kalterako esleipenak egitea, enpresa handien mesederako eta beste eskualdeko gastuen pisua hartu beharra.
Abenduaren 10ean, erantzuna
Abenduaren 10ean egingo du batzarra Kantauriko Urkidetzak bere etorkizuna ebazteko, eta orduan ikusiko da uraren kudeaketak zer nolako ibilbidea egiten duen. Alegia, alde batera eginda Urbiden sartu eta egungo erakundearen (CAKU) disoluzioa ematen den, edota nola kudeatuko den uraren zikloa tokikotasunetik.