Euskal Federazioak areto futboleko denboraldia hasiko du asteburuan. Aurreko jardunaldiak pandemiaren ondorioz atzeratu direnez, 6. jardunaldiarekin abiatuko dute txapelketa.
Kasualitatez, Aiaraldeko derbia egongo da, baina Gasteizen jokatu beharko dute. Izan ere, Uxoa-Arkada en la Grada norgehiagoka ezingo da Laudion egin, kiroldegia itxita egongo baita.
Klubek adierazi dute udalek ez dituztela oraindik kantxak ireki, nahiz eta semiprofesionalak izan. Laudion horrela erabaki du udalak segurtasun neurriak direla eta. Amurrion, aldiz, ez dira ados jarri tokiko erakundearen eta kiroldegia kudeatzen duen enpresaren artean, udalerriko jokalari batek azaldu duenez.
Gauzak horrela, mugikortasuna mugatzeko neurriak indarrean egon arren, eskualdeko taldeek Arabako hiribururaino bidaiatu beharko dute Aiaraldean jokatu behar zen partidagatik.