Pandemia dela-eta, 9 herritara zabalduko dute Durangoko Azokako eskaintza. Diskoen aurkezpenei dagokienean, Euskal Herriko 8 toki aukeratu dituzte aurten sortutako diskoak aurkezteko. Horien artean dago Amurrioko Burubio elkartea. Zehazki, ondorengoak izango dira Gerediaga elkarteak hautatutako beste 8 guneak: Donostiako Dabadaba eta Doka antzokiak, Azpeitiko Soreasu, Atarrabiako Totem, Gasteizko Jimmy Jazz, Bilboko Euskalduna eta Ondarruko Bekozini.
"Garai zailak dira kulturgileentzat, zaleentzat eta kulturarentzat orokorrean; horregatik beharrezkotzat ikusten dugu aurrerapauso bat ematea", adierazi dute Burubioko kideek sare sozialetan. Testuinguru horretan kokatu dute Euskal Herriko zenbait aretotan hainbat artisten kontzertu bira antolatzea. Hala, abenduaren 5etik 8ra izango dira emanaldi guztiak.
Abenduaren 6an eta 7an hiru kontzertu egongo dira Amurrioko Burubio kulturgunean, Durangoko Azokaren baitan. Izate Faltsua eta Rodeo taldeak taularatuko dira abenduaren 6an 18:00etan, eta Sara Zozaya izango da hurrengo eguneko jaialdiko protagonista, 19:00etatik aurrera. Sarrerak www.durangokoazoka.eus atarian eskuratu ahalko dira.
Abenduaren 6an eta 7an izango dira disko aurkezpenak Burubion. Izate Faltsuak, Rodeo taldeak eta Sara Zozayak osatuko dute egitaraua
Azokaren formatu berriketa
Bestalde, Durangoko azokak plaza digitala eta fisikoa uztartuko ditu. Guztira, 2300 produktu jarriko dituzte herritarren eskura, eta 100 ekitaldi antolatu dituzte Durangon. Zuzeneko emisioak eskainiko dituzte hala ere, aurreratu dutenez; mugakide diren herriak soilik bertaratu ahalko baitira Landakora.
Online denda izango da, edozelan ere, berrikuntza nagusia. Gerediagakoen esanetan, 852 nobedade izango ditu 55.edizioak kultura uztari dagokionez. Aiaraldeko sortzaile ugariren lanak aurkitu ahalko dira bertan.
Eskualdeko sortzaileen artean, 2020. urteak utzitako lau liburu daude: Patxi Iturregiren Ur biren artean (Elkar), Mikel Ayllonen Zoriontsuak izatea erabaki genuen (Txalaparta), Txani Rodrigezen Los últimos romanticos (Seix Barral) eta Isa Diazen Sano erraldikal poesia lana (Alberdania).
Musikagintzan, ordea, Izate faltsuaren Amorru bizia lana eta Ziztada&Rlantz taldearen Azken argiak bilduma izan dira plazaratutako disko bakarrak, bideoklip ugari sareratu badira ere. Dena den, Durangoko azokan eskuratu ahalko dira aurreko urteetako zenbait ale; Yogurinha Borovaren diskoak, Sirokarenak, Radio Revolucion taldearenak, Iñaki Plazarenak, Igor Arzuagarenak... Ildo beretik, aiaraldearren liburuak ere egongo dira salgai: Inma Roizenak, Anuntxi Aranarenak eta abar luze bat. Pandemiaren olatuaren gainetik, beraz, bada bizitza zerekin zipriztindua.