ARESPALDITZAN OKUPATUTAKO ETXE BATEN AUZIA

“Amurrioko epaileak izandako jarrera ez dugu beste inon ikusi”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko abe. 6a, 07:58

Amurrioko epaitegian bideratu zuten Arespalditzan okupatutako etxearen kasua. / Aiaraldea.eus

Amurrioko epaitegian hainbat prozedura urratu direla salatu du Bilboko Okupazio Bulegoko abokatua den Iñaki Carrok, Arespalditzan iaz egondako eraikin huts baten okupazioaren harira. 

Bilboko Okupazio Bulegoko kideek urteak daramatzate aholkularitza eta babesa eskaintzen eraikin hutsak okupatu dituzten eragile eta norbanakoei. Aurten Aiaraldeko kasu bat izan dute esku artean, eta ezohiko egoera batekin egin dute topo. “Bost pertsona sartu ziren Arespalditzan dagoen eraikin zahar batean bizitzera. Eraikina garbitu eta konpondu zuten, hamar urte zeramatzan hutsik gutxienez”, azaldu du Iñaki Carrok, bulegoko abokatuak. Handik gutxira iritsi zen jabearen salaketa. “Iazko abenduaren 30an iritsi zitzaien demanda, eta gurekin jarri ziren harremanetan. Urtarrilaren 2an doako justizia eskatu genuen Amurrioko epaitegian”. 

Orduan gertatu zen lehen “gauza arraroa”, Carroren esanetan: “Doako justizia eskatu genuenean bertan behera geratzen dira epeak orduan, hilabete batez. Baina hilabete bat baino gutxiago igaro zenean epaileak tramiteak altxatu zituen, eta epeak iraungitzen hasi ziren, gu ezer jakin gabe”.
Gauzak hala, maiatzean, “konfinamendutik ateratzean”, epaiarekin topatu ziren, abokatuak salatu duenez. “Idatzita zegoen dagoeneko epaia, guk dena geldituta zegoela uste genuen, eta ekainean desalojo agindua jaso genuen”. 

Amurrioko epaileak hainbat prozedura urratu dituela salatu du Iñaki Carro abokatuak, okupazio baten harira

Helegitea

Helegitea aurkeztu zuten orduan, uztailaren amaieran, “defentsarako eskubidea urratu egin zela argudiatuta”. Orduan egin zuen epaileak “bigarren gauza arraroa”, Carroren ustetan: “sententzia behin behinean aplikatzea erabaki zuen helegitea aurkeztu eta hiru egunera. Hiru egun eman zizkien etxebizitzan zeuden pertsonei eraikina husteko, baina bostak kanpoan zeuden, lanean. Batzuk ezin izan zituzten euren gauzak ere hartu”. 

Arrazoiak

Helegitea ere kendu zuten azkenean. “Baliteke auzitegi probintzialak helegiteari arrazoia ematea, baina jada kalean daude bost pertsonak”. 

Gertatu denaren inguruko susmoak ditu abokatuak: “Nire susmoa da etxearen jabea nahiko ezaguna dela Amurrion, eta epailea ere herrikoa izanda... ez dago beste azalpenik. Bilbon ez zait inoiz halakorik gertatu, bi urraketa hain argiak jarraian... eta urtean 12-15 kasu inguru kudeatzen ditut”.  Defentsarako eskubidea aldarrikatu du okupazio bulegoko kideak: “Egia da 'okupak' direla, baina badaude jarraitu beharreko prozedurak, jende guztiak du defentsarako eskubidea, bestela 'oihaneko legea' gailenduko da, eta abokatu bezala ezin dut hori onartu”.

Carroren ustez, gertakariak “erabat” apurtzen du legeak “okupak” babesten dituenaren "mitoa". “Badaude kasu batzuk luzatu ahal izan ditugunak, Auzitegi Goreneraino iritsi garelako, argudioak ditugulako, argudiorik gabe ezin da asko luzatu. Badaude pare bat urtez luzatzen diren auziak, baina normalean hilabeteko kontuak dira”. 

Gauzak hala, duela urtebete bezala dago Arespalditzako etxe hori orain: hutsik. “Etxea hutsik zegoen eta hutsik jarraitzen du. Jabeek ez dute etxea erabiltzen, ez dute alokatzen... eta hor geratuko da beste hamar urtez itxita. Hori egiteko eskubiderik ere ez dago”. 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide