ERREPORTAJEA

Okupazioaren kriminalizazioaren aurkako aldarria, plazara

Txabi Alvarado Bañares 2020ko abe. 4a, 06:00
Elkarretaratzea egin zuten larunbatean Laudion okupazioa babesteko. / Aiaraldea.eus

Elkarretaratzea egin zuten iragan larunbatean Laudion okupazioaren kriminalizazioa salatzeko. Gune okupatuek betetzen duten funtzioa balioan jarri zuten mobilizazioan, “borroka politikoen babesleku” direla argudiatuta. 

Okupazioaren fenomenoak oihartzun zabala izan du abuztutik hona Espainiar Estatuko iritzi publikoan. Fenomenoa gorantza doala zabaldu dute hainbat hedabidek, datu estatistikoek halakorik adierazten ez duten arren. Hainbat alderdi politikok legea gogortzea eskatu dute, eraikinen okupazioa zaildu eta desalojoak arintzeko. 

Testuinguru horretan kokatzen da Laudion iragan larunbatean eginiko elkarretaratzea. Dozenaka herritar batu ziren  “Okupazioa sortu, babestu eta defendatu” lemapean, praktika horrek azken hilabeteetan bizi izan duen “kriminalizazioa” salatzeko. 

Gune okupatuen aldeko aldarria zabaldu zuten bertan. “Okupatutako espazioak beti izan ziren borroka politikoen babesleku, non elkartasun-harremanak eta elkarri laguntzeko harremanak sortu ziren, indarkeriarik gabe, bai eta berdinen eta askotarikoen arteko bizikidetza-harreman espazioak ere”, adierazi zuten mobilizazioari amaiera emateko ekitaldian. 

Azken hamarkadetan hainbat okupazio gauzatu dira Aiaraldean, gaztetxeak sortzeko edota etxebizitza moduan erabiltzeko

Aiaraldeko esperientziak

Honakoa ez da Laudion okupazioaren alde egiten den lehen ekimena. Orbeko Etxeak hainbat kartel jarri zituen herriko auzoetan urrian, helburu berarekin: okupazioak azken hilabeteetan bizi izan duen kriminalizazioa salatu eta horren atzean dagoena etxebizitza lortzeko zailtasuna dela argudiatzea. 

Okupazio mugimenduak urte oparoak bizi izan ditu azken urteetan Aiaraldean. 2012. urtean okupatu zen gaur egun Urduñako gaztetxea den eraikina. Amurrioko Gazte Asanbladak ere bi okupazio saiakera izan zituen, orain gaztetxea den gunea eskuratu baino lehen. Arrankudiaga eta Zolloko Gazte Asanblada, bere aldetik, udal igerileku zaharretan sartu zen duela bost urte, Txondor Gaztetxea irekitzeko. 

Gazte asanbladen mugimenduaz harago ere hedatu da okupazioa. Azken hamarkadetan eraikin eta etxe ugari okupatu dira eskualdean etxebizitza gisa erabiltzeko, eta horietako batzuk bizirik jarraitzen dute. 

Gauza bat dute komunean eskualdean gaztetxe edo etxebizitza gisa erabiltzeko okupatuak izan diren eraikinek: urte luzez hutsik egon diren espazioak dira, eta desalojatuak izan diren kasuetan ere hutsik egoten jarraitu dute. Gauzak hala, Aiaraldean ez da egon ogia erostera joan eta etxea okupatu dioten bizilagunik, zenbait hedabidek horrelako albisteak plazaratzen dituzten arren. 

Eskualdeko gazte ugari epaitu eta zigortu dituzte azken urteetan, eraikin hutsak okupatzea egotzita

Zigorrak

Okupazioaren zigorgabetasuna jarri duten mahai gainean Espainiar Estatuko zenbait hedabidek, prozedura judizialak asko luzatzen direla argudiatuta. 

Eskualdean jazotako esperientziek, aldiz, kontrakoa iradokitzen dute: azken urteetan aiaraldear ugari epaitu eta zigortu dituzte eraikin hutsak okupatze hutsagatik. 2011. urtean lau gazte epaitu zituzten Amurrioko Cortasarte S.L.L enpresaren eraikin abandonatu bat okupatzeagatik. 2.000 euroko isuna eskatzen zioten pertsona bakoitzari hasieran, baina azkenean 450 baino ez zituzten ordaindu behar izan. 

Horrez gain, aipatzekoa da baita ere Amurrioko Gazte Asanbladak Landazuri etxea okupatu zuenekoa. Ekintza horren ondorioz udalak salaketa jarri eta 9 gazte auziperatu zituzten. Handik urte batzuetara, epaiketa horren sententzia baliatu zuen Entzutegi Nazionalak Julen Ibarrola gaztea urtebetez espetxeratzeko, berrerortzea argudiatuta. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide