Helegitea aurkeztu du EH Bilduk ur-partzuergoaren desegitearen aurrean

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urt. 15a, 08:00

Kantauriko Urkidetza desegitea erabaki zuten abenduan. / Aiaraldea.eus

Abenduaren 10eko asanblada orokorrean hartutako erabakiak bertan behera uztea eskatu du EH Bilduk, izapideak bete ez direla eta itxiera justifikatzeko arrazoiak ez daudela argudiatuta. 

Helegitea aurkeztu dute EH Bilduko kideek Kantauriko Urkidetza ur-patzuergoan, iragan abenduaren 10eko batzar orokorrean partzuergoa desegiteko hartutako erabakiaren aurrean. EH Bilduren iritziz, ez ziren beharrezko izapideak bete eta, ondorioz, hartutako erabakia "erabat baliogabea da".

Txosten juridiko bat oinarri hartuta, abenduko batzar orokorrean hartutako erabaki guztiak bertan behera uztea eskatu dute, erakundearen desegiteak ekar ditzakeen ondorioak direla eta.

Kantauriko Urkidetzaren desegitea eta Arabako Foru Aldundiak sustatutako Urbide partzuergora aldatzea "eskubide gehiegikeria, lege-iruzurra eta boterearen desbideratzea" dela adierazi du koalizio abertzaleak, desegitea justifikatzen duen arrazoirik ez dagoela gaineratuta.

"Defentsa-gabezia handia" eragin die gertatutakoak patzuergoa osatzen duten entitateei, EH Bilduren aburuz. Izan ere, disoluzioaren gaineko erabakia hilabeteko epean hartzera behartuak izan dira erakundeak, informazio nahikorik izan gabe eta alternatibak aztertzeko aukerarik gabe.

Gauzak hala, ur-partzuergoko lehendakaria eta kudeatzailea beraien eginkizunetatik harago joan direla uste du koalizioak, eta tokiko autonomiaren printzipioa urratu dela gaineratu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide