Kantauriko Urkidetza ur-partzuergoaren disoluzioaren alde egin zen atzoko ezohiko batzarrean. EAJ eta PSE alderdiek osatutako gehiengoak erakundearen desegitearen alde jo zuen, EH Bildu eta Omniaren aurkakotasunarekin.
Bozketa
Artziniegako Udalbatzak eskatu bezala, disoluzio erabakia hartzeko sei hilabeteko atzerapena bozkatu zen lehenengo, baina proposamenak ez zuen aurrera jarraitzeko babes nahikoa izan.
Bigarren bozketa CAKUren etorkizunaren gaineko erabakiarena izan zen. Batzarraren gehiengoa partzuergoaren disoluzioaren alde azaldu zen; EAJ eta PSEren babesaren eta Aiarako administrazio batzarren aldeko boto batekin.
Aiarako 20 administrazio batzarrek parte hartzen dute partzuergoan eta bi bozkek ordezkatzen dute euren hitza. 15 administrazio batzarrek disoluzioaren alde egin zuten eta beste bostek, Artziniegak bezala, denbora gehiago eskatu zuten erabakia aztertzeko.
Hori dela eta, aldeko boto bat eta abstentzioa aurkeztu zituzten atzo.
Amurrioko Administrazio batzarren botoaren norantza abstentzioaren aldekoa izan zen; Amurrioko lau administrazio batzarren arteko iritzi desberdintasuna islatzeko.
Artziniegako txosten juridikoa
Artziniegako Udalak txosten juridikoa aurkeztu zuen batzarraren hasieran, partzuergoaren disoluziorako jarraitutako prozedura zalantzan jartzen zuena.
Gobernu batzordearen gehiengoak, ordea, ez zuen txostena onartu.
Joseba Vivanco Artziniegako alkateak salatu du ez zitzaiela “planteatutako zalantzei” erantzunik eman: “Ez digute txosten juridikoaren aurkako argudiorik eman, ezta disoluzio prozesuak hain tarte laburrean ebatzi behar izanaren inguruko azalpenik ere”.
Alkate jeltzaleek, aldiz, begi onez hartu dute Arabako partzuergora igarotzea, Diputazioaren babesak ez duelako tasen igoerarik ekarriko eta eskualdeko araztegi berrien berme teknikoak ziurtatuko dituelako.
Disoluzio prozesua abian
Gauzak horrela, amaierara heldu da 1999an sortutako CAKU ur-partzuergoaren ibilbidea. Behin betiko disoluziorako prozesua hasiko da orain eta urtebeteko iraupena izan dezake.
Aiara, Laudio eta Amurrioko udalak Arabako Foru Aldundiak sustatutako Urbide partzuergora batuko dira, udalbatzek aldaketari argi-berdea eman baitiote dagoeneko.
Erabaki berdinari aurre egin beharko diote ere Administrazio Batzarrek, hauek ere eskudunak baitira ur kudeaketan.
Urbideren gaineko zalantza asko airean daude oraindik, ordea. Gasteizko urak kudeatzen dituen AMVISA enpresak Aldundira batuko den edo ez jakin behar da oraindik.
Joseba Vivancok jakinarazi duenez, Artziniegako Udalak hilabete batzuk hartuko ditu herriko ur-kudeketaren etorkizuna ebazteko: “eztabaida zabaldu nahi dugu, herriko urekin zer egin erabakitzeko”.