TUBACEX

ELA: “Borroka izango da gure lanpostuak eta lan baldintzak defendatzeko bidea”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko ots. 2a, 07:00
Tubacexeko langileek iaz eginiko mobilizazioa. / Aiaraldea.eus

Oharra plazaratu du sindikatuak zuzendaritzaren asmoen aurka. 

Tubacexeko ELAko sail sindikalak oharra plazaratu du zuzendaritzaren asmoen gaineko balorazioa egiteko. Atzo iragarri zuten enpresako buruek Enplegua Erregulatzeko Espedientea eta Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente berria aurkeztu nahi dituztela. Bi espedienteen aurka posizionatu da sindikatua, eta nabarmendu du enpresak gaur egun duen egoera ez dela langile kopuruagatik edota lan baldintzengatik sortu. “Garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea enpresak irabazi handiak izan dituela 2019. urtera arte”. 

ELAren ustez, zuzendaritzak porrot egin du produktuen dibertsifikazioan, eta horren erantzukizuna langileen gain jarri nahi izan du. Horrez gain, enplegu murrizketa jada ezarri dela gaineratu du sindikatuak: “Une honetan Aiaraldeko lantegietan iaz baino 150 lanpostu gutxiago daude, enpresa aldi baterako langileak alboratu dituelako. Azpikontratatutako enpresetan ere suntsitu da enplegua 2020an”. Gauzak hala, enpresaren asmoen aurkako erantzuna “indartsua” izan behar dela uste du ELAk: “Borroka izango da gure lanpostuak eta lan baldintzak defendatzeko bidea”. 

“Euskal instituzioek” duten erantzukizuna ere aipatu du sindikatuak, eta honakoa eskatu du: Europatik etorriko diren funtsak jasoko dituzten enpresek  “enplegua mantentzeko konpromisoa” hartzea. “Tubacexen eta Aiaraldeko industriaren etorkizunak Gasteizko gobernuaren posizionamendu indartsu bat eskatzen dute. Enpleguaren eta lan baldintzen defentsa izan behar da bere ardatz nagusia”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide