AZKEN ORDUKOA

Kaleratze kolektiboa ezarri nahi du Tubacexeko zuzendaritzak, Enplegua Erregulatzeko Espedientea baliatuta

Txabi Alvarado Bañares 2021ko ots. 1a, 17:11

Tubacexeko langileak, iaz eginiko protestetako batean. / Aiaraldea.eus

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente berria ere aurkeztu nahi du zuzendaritzak. Ez dute zehaztu zenbat behargini eragingo lieketen neurriek, baina datorren astelehenetik aurrera egongo lirateke formalki indarrean. Tubacexek %15eko igoera izan du gaur burtsan, Telegram bidez zabaldutako mezu batzuen eraginez. 

Kaleratze kolektiboa ezartzeko asmoa du Tubacexek, "arrazoi objektiboak" argudiatuta. Hala jakinarazi dio enpresa taldeko zuzendaritzak Enpresa Batzordeari. Enplegua Erregulatzeko Iraungitze Espedientea aurkeztu nahi du horretarako multinazionalak, eta  Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente berria ere ezarri nahi du. Espediente horrek lekukoa hartuko lioke orain indarrean dagoenari, otsailaren 7an -datorren igandean- amaitzen baita. 

Astelehenetik aurrera indarrean

Jakinarazpen baten bidez eman die zuzendaritzak sindikatuei bere asmoen berri. Dokumentu horretan ez du neurri horien gaineko informazio gehiago ematen. Bi espedienteen gaineko dokumentazio guztia osatzen  ari direla aipatu du enpresak, eta datorren astelehenerako -otsailak 8- prest izatea aurreikusi dute, egun horretan sartuko baitira bi neurriak indarrean. Orduan ekingo dituzte negoziaketak. Horretarako, bilera batera bertaratzeko deia luzatu diete sindikatuei, arratsalde horretan bertan. 

Tubacexeko akzioek, gora

Tubacexek hartutako erabakiak bat egin du denboran enpresaren akzioen gorakadarekin. Telegram talde batean zabaldutako tesi ekonomiko batek multinazionalaren akzioak erostera bultzatu ditu zenbait inbertitzaile. Antza, talde horretan 6.000 pertsona inguru daude eta administratzaileak hainbat komentario positibo egin ditu enpresaren alde apustu egitera bultzatzeko. ElDiario.es hedabidearen arabera, honakoa da esan duen gauzetako bat: "Krisiaren kontu honekin guraizea sartzen ari dira, txarra langileentzat eta ona akziodunentzat". 

Bloomberg-en datuen arabera, goizean zehar enpresa-taldearen 650.000 titulu baino gehiago salerosi dira. Horren eraginez, akzioen prezioa %8 igo da, aurreko asteetako bataz bestekoak gaindituz. 

Gertatutakoa Wall Street Betsen fenomenoarekin erlazionatu da, baina ez da egoera berdina. GameStop enpresaren kasuan, inbertitzaileek akzioek balioa galtzearen alde egin zuten apustu, Tubacexen kasuan ez bezala. Hala ere, Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak iragan astean ohartarazi zuen enpresa baten akzioak “maila artifizialetan” kokatzea delitua dela. 

Datorren astelehenean sartuko dira indarrean espedienteak formalki, eta orduan bildu nahi du zuzendaritzak sindikatuekin, negoziaketak hasteko

150 soldata aurreztea

Uda hasieran jakinarazi zuen Tubacexeko zuzendaritzak 150 langileren soldata aurreztu nahi zuela. Orduan hasi ziren enpresaren eta sindikatuen arteko negoziaketak, baina ez zuten ezer adosterik izan. 

Ordutik hona mobilizazio jendetsu andana egon da eskualdean, baina horrek ez ditu zuzendaritzaren asmoak aldatu. Enpresak urte amaieran iragarri zuen 13 milioi euro galdu egin zituela, eta langileak kaleratzeko beharra jarri zuen berriz mahai gainean. Baina, era berean, aitortu zuen 236,9 milioi euroko likidezia duela eta, ondorioz, kutxan diru nahikoa dutela 2024ra arte heltzen diren maileguak ordaintzeko. 

Aldi baterako hirugarren espedientea jarraian

Aldi Baterako bi Enplegu Erregulazioko Espediente jarri ditu indarrean Tubacexeko zuzendaritzak pandemia hasi zenetik. Lehena maiatzean abiatu zen eta azarora arte iraun zuen, eta orduan ezarri zuten oraingoa, langileekin inolako akordiorik lortu gabe. 

Bigarren espedientea negoziatzeko bilerak tentsio handikoak izan ziren. Bilera horietan enpresak aitortu zuen hilero 700.000 euro aurreztu dituela espedienteari esker. Hau da, zifra hori aintzat hartuta, maiatzetik hona enpresak 4 milioi euro baino gehiago aurreztu dituela ondorioztatu daiteke. 

Mobilizazio ziklo indartsua

Langileen Batzordeak, bere aldetik, mobilizazio ziklo indartsua burutu zuen. Beharginez gain, ehunka bizilagun batu izan dira irailetik hona eginiko ekimenetara. 

Hemen beheko bideo-bilduma honetan ikusi daitezke ekimen esanguratsuenak:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide