ANALISIA

“Albiste txarra Tubacexeko langileentzat, ona inbertsoreentzat"

Txabi Alvarado Bañares 2021ko ots. 2a, 08:00
Wall Streeteko "kolpea" egiteko erabilitako ikur bera baliatu dute Tubacexeko akzioak erosteko deia zabaldu duen Telegram kanalean. / ElDiario.es

Tubacexeko langileek gainean duten kaleratze mehatxua argudio bezala erabili zuen atzo WS Bets Español Telegram taldeko administratzaileak enpresa horretan inbertitzea gomendatzeko. Multinazionalaren akzioak %15 igo ziren goizean; antza, talde horretatik zabaldutako mezuen ondorioz.

"Aipatu dudan kontuetako bat da enpresa hau  -Tubacex- gustuko dudala langileen kostu handia duelako. Gaizki azaldu naiz. Esan nahi dudana da pandemia aurretik koste batzuk zituela pandemia ostean izango ez dituenak, guraize asko sartzen ari direlako".

Hori da WS Bets Español Telegram taldean atzo zabaldu zen mezuetako bat, Tubacexeko akzioak erostearen onurak argudiatzeko. Antza, talde horretan zabaldutako mezuen ondorioz, multinazionalaren akzioen balioa %15 igo zen goizean zehar, azken asteetako batazbestekoa baino nabarmen gehiago. Egunaren amaierarako igoera %8,1ean geratu zen.

Berez, egunaren hasieran enpresa taldearen akzio bakoitzak 1,31€ balio zituen, eguerdian 1,51€ eta egunaren amaieran 1,43€.

Hala ere, igoera ez da bereziki ikusgarria, Tubacexeko akzioak 1,58€ balio izatera iritsi direlako azken hilabeteetan, ElDiario.es hedabideak zabaldutako datuen arabera. 

Tubacexeko zuzendaritzak kaleratzeei ekingo diela aipatu baino ordu batzuk lehenago zabaldu zuten Telegram taldetik multinazinalaren akzioak erosteko gomendioa

Kasualitate handia

Dena den, oihartzun zabala izan zuen atzo burtsan gertatutakoak, bi arrazoiengatik. Alde batetik, WS Bets Español taldetik Tubacexeko akzioak erosteko deia luzatu eta ordu gutxira jakinarazi zien enpresa horretako zuzendaritzak Amurrio eta Laudioko fabriketako langileei kaleratze kolektiboa ezarri nahi ziela.

Irakurle baikoitzaren esku dago bi gauzak ia aldi berean gertatzea kasualitate handiegia den edo ez ondorioztatzea.

Telegram taldea publikoa da. Norbaitek kuxkuxeatu nahi badu httpst.me/mrwsbetsespanol baino ez du bilatu behar. 'Fernando' izenarekin sinatzen du administratzaleak. Iragan ostiralean hitz egin zuen lehenbiziko aldiz, egitasmoaren nondik norakoa azaltzeko: enpresa zehatz batzuen akzioen erosketa-gomendioak emango ditu taldean, eta akzio horien kopuru zehatz bat erosiko du.

Larunbatean iragarri zuen lehen gomendioa astelehenean egingo zuela. Mezua Telegrametik harago joan zen (Forocoches atari ezagunean argitaratu zen, adibidez) eta taldera geroz eta jende gehiago batzen hasi zen.

Atzo goizean -11:16ean- jakinarazi zuen 'Fernandok' bere lehen gomendioa: Tubacex. Arrazoi ugari eman zituen multinazionalaren aldeko apustua egiteko: sektorean liderra dela, balio ziklikoa duela... eta krisiagatik "guraizeak" erabili dituztela, "gauza txarra langileentzat, baina ona akziodunentzat".

Handik ordu gutxira egin zen publiko zuzendaritzak langileak kaleratzen hasi nahi duela. Honako iruzkin hauek bota zituen 'Fernandok' orduan:

"Albiste ona Tubacexeko inbertitzaileentzat eta txarra langileentzat. 150 langile 'garestiren' kaleratzea. Espainian ekoiztea, nahi edo ez, garestiagoa da. Pandemiaz baliatzen direla eskubideak eta soldatak murritzeko eta kaleratzeak egiteko? Hori denborak esango du egia den edo ez. Sindikatuek baietz diote, enpresak ezetz"

"Aizue, nire hitzak gaizki interpretatzen ari zarete... enpresa batean kaleratzeak egotea ona da bere kotizazioarentzat. Eta ona da enpresarentzat. Langileentzat ez da ona, logikoki. Baina enpresaren errentagarritasunarentzat bai"

Wall Streeten gertatutakoarekin alderaketak

Beste aldetik, zenbait hedabidek Wall Streeten iragan astean jazotako GameStop fenomenoarekin alderatu zuen atzo gertatutakoa.

Telegram taldearen izenak, logoak eta bertatik zabaldutako zenbait mezuk erreferentzia zuzena egiten diote gazte talde batek Reddit foroaren bidez Estatu Batuetan eginiko ekintzari, baina ez dute zerikusirik.

Estatu Batuetan gertatutakoa honela laburbildu daiteke: erabiltzaile talde bat ados jarri zen gainbeheran zegoen enpresa baten -GameStop- akzioak erosi eta, modu horretan, galera erraldoiak eragiteko akzio horien ordura arteko debaluazioaren aldeko apustua egiten zuten Wall Streeteko aberats batzuei. Inbertsore txikien helburua ez zen dirua irabaztea, baizik eta espekulatzaile handiei kaltea sortzea eta euren ohiko jarduera salatzea.

Tubacexekin gertutakoa Estatu Batuetan Reddit foroaren bidez eginiko operazioarekin alderatu dute hedabideek, baina bi kontu oso ezberdin dira

Ordea, atzo Tubacexekin gertatutakoak ez zuen izan harremanik horrekin.  Atzokoa harremanduagoa dago inbertsoreen asmo "tradizionalekin": akzio errentagarriak erosi eta saltzea eta dirua irabaztea, funtsean.

'Fernando' administratzaileak argudio ugari eman zituen Tubacexeko akzioak erosteko, baina nabamendu zuen Telegram taldean jarritakoak bere iritziak baino ez zirela, eta ez zuela 'Pump and dump' teknika sustatzen (akzio merke bat erostea bere balioa puztu eta gero garestiago saltzeko).

Kontuan hartu behar da hori egitea delitua dela, eta bost urtera arteko kartzela zigorra eragin dezakeela, Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak berriki ohartarazi duenez. 

Albisteak izandako oihartzunaren ondorioz, geroz eta jende gehiago sartu da taldean. Artikulu hau prestatutako unean gainditzear dago 9.000 erabiltzaileren langa. “Ez dakit bihar zer gertatuko den... hedabideetan oihartzuna izugarria izan da”, aipatu zuen 'Fernandok' atzo oheratu baino lehen, “albiste asko plazaratu dira, bata bestearen atzetik, kazetariak gauzak nahastu dituzten arren. Horren eraginez Telegram taldeko erabiltzaile kopurua abiadura bizian igotzen ari da. Izugarria da”.

Kontu hau burtsaren munduko anekdota friki batean geratu ahalko litzateke, atzean daudenak Aiaraldeko ehunka familien bizitzak izango ez balira

Ondorio gisa

Kontu hau burtsaren munduko anekdota friki batean geratu ahalko litzateke, atzean daudenak Aiaraldeko ehunka familien bizitzak izango ez balira.

Dena den, operaziotik ondorio nagusi bat atera daiteke, Wall Streeten gertatutakoarekin eginiko konparazioetatik harago: gertaerak ez direla neutralak.

Batzuentzat -langileentzat- txarra dena beste batzuentzat -inbertsoreentzat, kasu honetan- ona izan daitekeela; edo, Berri Txarraken kantuak dioen bezala, haien berri onak gure berri txarrak direla. Betiko kantua eta kontua, kapitalismo basatiaren erritmora.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide