Eusko Jaurlaritzaren alegazioak aztertu ostean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ostalaritza elkarteek aurkeztutako helegiteari erantzuna eman dio gaur EAEko Auzitegi Nagusiak. Bihartik aurrera pertsiana altxatzeko aukera izango dute eremu gorrian dauden herrietako taberna eta jatetxeek.
Urtarrilaren 13an indarrean sartu ziren neurrien araberakoa izango da tabernen irekiera:
- 6:00etatik 20:00etara bitarteko ordutegia izan beharko dute eta jasotzeko zerbitzua 21:00ak arte luzatu ahalko da.
- Barruko edukiera %50era mugatu beharko da, eta barran ezingo da kontsumitu.
Gaur gaurkoz, Laudio da eremu gorrian dagoen Aiaraldeko udalerri bakarra. Gaur sartu dira indarrean eremu gorriari dagozkion neurriak bertan, eta bihartik aurrera ostalaritzak funtzionatzen jarraitu ahalko du.
Kirola, mugatuta
Horrenbestez, kirola izango da eremu gorrian egoteagatik mugatuta jarraituko duen alor bakarra. 100.000 biztanleko 500 kasuen langa gainditzen duten herrietan taldekako kirol jarduerak eta eskola kirola debekatuta egongo dira.