Euskal Herriko enpresa nagusien kontu ofizialak aztertu ditu ELAk eta hainbat ondorio interesgarri atera ditu. Enpresa horiek 1.295 milioi euroko etekinak izan zituzten guztira 2019an, eta orotara 98,7 milioi baino ez zituzten ordaindu Sozietateen Gaineko Zergaren bidez.
Tubacexen kasua “bereziki deigarri eta salagarria” dela nabarmendu du sindikatuak, ez duelako zerga horretan euro bat bera ere ordaintzen, 2019an 11,5 milioi euroko etekinak izan zituen arren. Egoera berdinean daude Petronor, Bridgestone, GKN eta Pepsico, besteak beste. “Enpresa handiek ez dute ia ezer ordaintzen; gehien duenak gutxien ordaintzen du eta arduradun politikoak eta patronalak eskutik helduta doaz fiskalitatea arautzerako orduan”, ondorioztatu du Mikel Lakuntzak, sindikatuko idazkari nagusiak.
Horren aurrean, enpresa guztiei %25eko tasa efektiboa ezartzea eskatu du ELAk, uda baino lehen erreforma fiskala abian jarrita.
Horrelako onura fiskalak izan arren, Tubacexeko zuzendaritzak askotan aipatu du hedabideetan EAEn ekoiztea garestia suertatzen zaiola, eta argudio hori erabili du 150 langileren kaleratzea argudiatzeko. Horren aurrean, greba mugagabea deitu dute beharginek, eta hainbat mobilizazio burutuko dituzte.