ERREPORTAJEA

Kalistenia, gazteen ekimenez errotzen doan kirola

Txabi Alvarado Bañares 2021ko ots. 15a, 07:00
Jende ugari bertaratzen da Laudioko Latiorro auzoko parkera kalistenia praktikatzeko asmoz. / Aiaraldea.eus

Urtebete igaro da Laudioko kalistenia parkea eraiki zenetik. Ordutik hona nabarmen igo da kirol horrekiko zaletasuna, erabiltzaileek nabarmendu dutenez. Artziniegan aurten eraiki nahi dute antzeko azpiegitura bat, udal aurrekontuetako diru-partida bat baliatuta. 

Arratsaldea da. Euria egin duen arren, atertu du dagoeneko Laudioko Latiorro auzoan dagoen kalistenia parkean. Bi gazte daude bertan, beroketa ariketak egiten. Iker Ipiña da horietako bat. “2018an hasi ginen herrian horrelako parke baten beharra aldarrikatzen”, oroitu du gazteak, “lagun batek egin zuen parkearen diseinua, eta sinadurak biltzeari ekin genion”. Lagunengana eta ikastetxeetara jo zuten babes eske, eta 600 sinadura lortu zituzten azkenean. Gauzak hala, udalak bere egin zuen aldarria, eta iaz eraiki zen parkea. 

Azpiegitura horren bidez, gora egin du kalisteniarekiko zaletasunak. “Erantzun oso ona izan du gazteen parkeak, hasieran ez genuen uste. Baina gazte askorentzat honakoa aukera bat da ariketa fisikoa egin eta lagunekin ondo pasatzeko. Laudion ez dago horrelako azpiegitura irekirik”.

Ipiñaren arabera, jende ugari bertaratzen da parkera, 16-23 urte arteko gazteak batez ere. “Baina pandemia hasi zenetik hona heldu asko ere bertaratu dira, gimnasioak itxita egon direlako”. 
Hala ere, “arazo txiki bat” dagoela argitu du gazteak. “Latiorro Ikastetxea hemen alboan dago, eta ordu zehatz batzuetan ume txiki asko bertaratzen dira eta parkea betetzen dute, alboan dagoen haurrentzako gunea erdi hutsik dagoen bitartean. Gurasoen ardura da hori kontrolatzea”. 

2018an hasi ziren Laudion kalistenia parkea eraikitzeko sinadura bilketa  egiten. 600 pertsonen babesa lortu zuen eskaerak

Artziniegan, aurten

Artziniegan ere antzeko prozesua garatzen ari da kalisteniari dagokionez. Gazte talde batek udalera jo zuen horrelako parke baten beharra plazaratzeko, eta tokiko erakundeak diru-partida bat erreserbatu du aurtengo aurrekontuetan, proiektua egikaritzeko. “Iaz egitekotan ginen obra, baina pandemiaren ondorioz bertan behera geratu zen”, azaldu du Joseba Vivanco alkateak. 
Josu Ofizialdegi da ekimena sustatu zuen bizilagunetako bat. “Artziniegan ez dago kirola egiteko aukera handirik, kalean eta lagunen artean behintzat. Hori dela eta, horrelako parke bat baliabide ona iruditu zitzaigun horretarako”. 

Gazteak azaldu duenez, orain arte Arrigorriagara joaten ziren praktikatzera, bertako parkera. “Orain dela bost urte hasi ginen kirola praktikatzen, Interneten bideoak ikusi eta saiakerak egiten”. Ofizialdegik aitortu une honetan gutxi direla kalistenia praktikatzen duten artziniegarrak, baina etorkizunean harrobia egon daitekeela uste du. “Jende asko doa gimnasiora, eta pertsona horietako batzuk kirol hau egitera animatu ahalko lirateke, azpiegitura egongo balitz”. 

Gorputzaren pisuarekin entrenatzeko ariketa sistema bat da kalistenia. Kirol horren zaleek bi bertute nagusi nabarmendu dituzte: oso merkea dela eta edonork egiteko moduko jarduera dela 

Guztientzako kirola

Ariketa sistema bat egitean datza kalistenia, norberaren gorputzaren pisuarekin entrenatuta. Hala adierazi du Ofizialdegik: “Lau modalitate ezberdin ditu kirol honek, batzuk edozein tokitan praktikatu daitezke, eta beste batzuetan beharrezkoa da parkea. Ariketa batzuk ere etxean bertan egin daitezke, baina beste modalitate batzuk egiteko -freestylea, adibidez- estruktura zurrunak behar dira, seguruak izango direnak”.

Artziniegako gaztearen arabera, bi bertute nagusi ditu kirol honek: edonork praktikatu dezakeela eta merkea dela. “Ariketa guztiak norberaren gaitasunetara moldatu daitezke, eta ez da inolako tresna edo ekipamendurik behar”. 

Dena ondo bidean, urte honen amaierarako bi kalistenia parke egongo dira Aiaraldean. Orube hobezina kirol hori belaunaldi berrietara gerturatzeko.  

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide