ERREPORTAJEA

Martxoak 8: ekintza “gutxi”, erronka asko

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko ots. 27a, 07:30

Ehunka emakumek parte hartu zuten iazko martxoaren 8an Aiaraldean egin ziren ekintzetan. / Otsemeak

Tokian toki, jarduerak antolatu dituzte nola udalek hala Mugimendu Feministak. Alabaina, koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, ekitaldi gutxiago prestatu dira. Dena den, erronka potoloak aurkeztuko dituzte Aiaraldean datozen asteetan.

1917ko martxoaren 8an matxinatu ziren emakume errusiarrak elikagai eskasiagatik. Horregatik da egun hori horren berezia, nahiz eta 1857an New Yorkeko Triangle Shirtwaist fabrikan gertatutakoak ospe handiagoa izan: urte horretako martxoaren 25ean AEBko oihalgintza enpresa bateko emakume beharginek grebara jo zuten lan baldintzak -esplotazioa- salatzeko, eta enpresa itxita zegoela ugazabek su eman zioten eraikinari, ehunka emakume errez. 

Geroztik, urtero hamaika ekintza antolatu izan dira Emakumeen Nazioarteko Egunaren testuinguruan. 2017.urtean, baina, Greba feminista antolatu zen mundu mailan, eta ordutik indar handiagoa hartu dute emakumeen zapalkuntza eta ahalduntzea sustatzeko dinamikek. 2018an, esaterako,  lanuzte eta mobilizazioen planteamenduetan oinarritu zen Aiaraldean eta Euskal Herrian greba feminista. 

Urtebete beranduago, 2019.urtean, 24 ordukoa izatera igaro zen greba; eta milaka emakumek hartu zituzten kaleak eskualdean ere. Iaz, ozta-ozta egin zuten aurrera martxorako prestatutako egitarauek: COVID-19 birusak eragindako pandemiak ekintza asko baldintzatu zituen, baina martxoaren 8ko mobilizazio eta jarduerak garatzeko aukera egon zen. Izan ere, martxoaren 13tik aurrera ezarri ziren koronabirusa ekiditeko osasun eta segurtasun neurriak. 2021eko martxoaren 8ko eskaintza ere nabarmen baldintzatuko du koronabirusak. 

Ondorioz, ohikoan baino ekintza gutxiago egongo dira bailaran, nahiz eta erronka potoloak mahaigaineratuko diren horietan. Adibidez, emakumeen parte hartzea instituzioetan landuko dute Aiaran, eta Laudion arrazakeriari zein migrazio politikei helduko diete. Urduñan eta Orozkon, ostera, bestelako dinamikak planteatu dituzte; kultur diziplinetan oinarrituak batik bat.

Laudion

Laudion emakumeen elkarteek zein udalak apenas egingo dute ekintzarik. Aiaraldea Hedabideari adierazi diotenez, datozen egunetan zabalduko dute programazioa prentsa ohar bidez, "azken xehetasunak lotzen gabiltza". 

Mugimendu Feministak, aldiz, hitzaldia eta mobilizazioa iragarri ditu jada. Martxoaren 7an Emakumeen Mundu Martxako kideak bertaratuko dira Laudiora, migrazio politiken eta  arrazakeriaren inguruko esperientzia eta gogoetak partekatzera. Martxoaren 8an, aldiz, manifestazioa egingo dute 19:00etan herriko plazatik abiatuta.

Aiaran

Aiaran, 4 jarduera egingo dituzte. Otsailaren 27an autodefentsa feminista tailerra gidatuko du Maitena Monroyk, 11:00etatik 13:00etara era birtualean. "Tailerraren helburua indarkeria matxista detektatu eta erantzun kolektiboak ematea izango da". Martxoaren 2an, berriz, "coaching eta lidergoa" landuko dute Arespalditzako Zentro Sozialean Kontzejuetako emakumeentzat, Batzar Administratiboetan euren parte hartzea handitzeko. Trebakuntza hori hilabetez luzatuko da, apirilean bukatuko baita: "Saioak martxoan eta apirilean izango dira, 16:00etatik 19:00etara". 
Edozelan ere, Aiarako emakumeen inguruko liburu aurkezpena izango da ekitaldirik garrantzitsuena, Inma Roiz idazlearen eskutik martxoaren 12an ospatuko dena. "Herriko 35 emakumeren memoria, aztarnak eta errealitateak jaso dira, emakumeak egindako ekarpenak aitortu eta Aiarako historiaren eta errealitatearen ikuspegia osotzeko", adierazi du Miren Urresti berdintasun teknikariak. 

Artziniegan

Bide antzerakoa hartuko du Artziniegako Udalak. Berdintasun teknikariaren esanetan, martxoaren 9an Artziniegako emakumeei buruzko liburua egiteko prozesua aurkeztuko dute, 18:00etan online bidez: "Era birtualean izango da bilera, egoerak hala aginduta; partaideen ideiak eta ekarpenak jasotzeko eta Artzinegako emakumeen aniztasun guztia biltzeko". 

Martxoaren 13an autodefentsa feminista tailerra egingo dute telematikoki, 11:00etatik 13:00etara hain zuzen. Horrez gain, martxoaren 8ko elkarretaratzea Hiriskarekin eta Otsati Feministarekin elkarlanean antolatuko dute. Otsati Feminista taldeak, bere aldetik, herriko emakumeen historia irudikatuko du frontoi aldamenean. 

Okondon

Okondon bi tailer, ikuskizun bat eta elkarretaratzea izango dira martxoko osagai nagusiak. Hilaren 11n "Hazkuntza eta botere pertsonala" izango dute hizpide, eta 16an "Oreka eta ongizate osoa". Gainera, martxoaren 7an 18:00etan Pantxika Lamur artistarekin emakumeen eskubideen aldeko antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute. Ekitaldi guztiak 18:00etan izango dira Kultur Etxean, "osasun neurri guztiak aintzat hartuz". Azkenik, Okondoko Eskolan deituko duten mobilizazioa egongo da, martxoaren 8an 18:00etan hain zuzen.

Ohikoan baino ekintza gutxiago antolatu dituzte erakundeek eta Mugimendu Feministak, baina erronka handiak jarriko dituzte mahai gainean

Amurrion

Amurrioko Udalak ez du oraingoz ekitaldirik iragarri. Hala ere, Mugimendu Feministak martxoaren 4an deituko du mobilizazioa, zaintza lanen greba dela eta. 18:00etan izango da ekimenaren hitzordua, eta elkarretaratzea egingo dute ondoren. Martxoaren 6an, ordea, Emakumeen Mundu Martxari emango diote babesa, plaza zapiekin apainduta. Azkenik, martxoaren 8an mobilizazio desberdinak deituko dituzte, aurreratu dutenez. Besteak beste, pentsionisten elkarretaratzean parte hartuko dute, herria aldarri feministez jantziko dute, eta arratsaldean mobilizazio nagusia egingo dute.

Orozkon

Orozkon martxoaren 5etik 12ra pilatu dituzte ekintzak. Kultur Barikuen dinamikaren baitan "Luze edo motz" bakarrizketa umoretsua egongo da lehenbizi hilaren 5ean, eta biharamunean (martxoak 6) antzerkiak hartuko du egitarauaren lekukoa Donibane aretoan. Martxoaren 7an La boda de Rosa filma proiektatuko dute, eta 8an Matxintxuren elkarretaratzean bilduko dira Zubiaur plazan 19:00etan. Orozkoko eskolan, bestalde, Zazpi neska ausart ipuin kontalariaren emanaldiak antolatu dituzte hainbat txandatan. Hilabete osora hedatuko da, ordea, udalaren eskaintza; martxoaren 14an eta 28an film emanaldiak antolatuko baitituzte 19:00etan. 

Urduñan

Urduñari dagokionez, marrazki eta olio margolanen erakusketak jarriko dituzte Alondegian martxoaren 5etik 19ra. Martxoaren 8a bitarte, ordea, "harri margotuen jokoa" proposatu dute; hiriko zenbait txokotan ezkutatutako piezak topatu eta argazki bidez partekatzeko gonbitarekin. Zinegoak film laburren jaialdiarekin emango diote amaiera egitarauari martxoaren 19an, eta marrazki lehiaketaren saridunak jakinaraziko dituzte egun horretan ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide