EUSKAL ITZULIA

2021eko Euskal Itzuliak Amurrio eta Laudio arteko etapari eutsiko dio, Ermualden bukatzeko

Aitor Aspuru Saez 2021ko mar. 2a, 08:27
Puntako txirrindulariak ekarriko ditu lasterketak Aiaraldera berriro ere. / Aiaraldea.eus

Euskal Itzuliak Aiaraldean egingo du iaz bete behar izan zuen ibilbidea. Hitzordua apirilaren 7an izango da. 2020ko edizioa bertan behera geratu zen koronabirusaren ondorioz, baina iazko Amurrio eta Laudio arteko etapa mantendu dute aurten.

Iaz diseinatutako ibilbide gehienak zintzilik geratu badira ere, Euskal Itzuliaren antolatzaileek Amurrio eta Laudio arteko etapari eutsi diote eta aurtengo edizioan egingo da.

Gauzak horrela, apirilaren 7an txirrindulariak Amurriotik abiatuko dira eta 167 kilometroko lasterketa izango dute aurretik. Amaiera gogorra izango dute, Ermualdeko aldapetan, hain zuzen. Hara heldu baino lehen, gainera, Malkuartura eta Altubera igo beharko dira.

Berez, aurreko egunean Sestaon amaituko dute proba eta hurrengoan, aldiz, Gasteiztik aterako dira. Guztira, 6 etapako txapelketa osatuko dute.

Aiaraldea geltoki

Euskal Itzuliak ohiko agertokia dauka Aiaraldean eta azken hamarkadan hainbat aldiz zeharkatu du eskualdea. Baranbion etapa amaitu zen 2016an eta beste urte batzuetan Amurrion, Laudion, Arrankudiaga-Zollon edota Aiaran neurtu dituzte euren indarrak txirrindulariek. Esaterako, egindako aurreko edizioan, 2019koan, Yolanda Mosquera artista amurrioarrak egin zuen lasterketaren kartela eta urte horretan 3. etapak hartu zuen Aiaraldea; Urduña, Amurrio, Aiara, Artziniega, Okondo, Laudio eta Orozkoko errepideak baliatuta.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide