BIDEO ERREPORTAJEA

Envases eta Tubos Reunidoseko langileen elkartasuna eta babesa jaso dute Tubacexeko grebalariek

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko mar. 2a, 20:28

Langileen ordezkariak zuzendaritzako kideekin elkartu dira negoziaketa mahai gainean dauden neurriak eztabaidatzeko. Zuzendaritzak kaleratzeak 150etik 134ra jaistea proposatu du. Arratsaldean Ertzaintzak gazte bat atxikitu eta identifikatu egin du.

Greba mugagabearen 20. eguna izan dute gaurkoa Tubacexeko langileek. Envases eta Tubos Reunidos lantegietako beharginak bertaratu dira Laudioko lantegiko sarrerara, greban dauden langileei elkartasuna adieraztera.

Zuzendaritzak aurreratu egin du sarrera ordua, pikete jendetsuak ekiditeko. Autobusak 6:00ak aldera sartu dira Laudioko fabrikara eta 7:10ean Amurriokora.

Enpresa Batzordea zuzendaritzako kideekin elkartu da 10:30ean. Lan gatazka piztu zenetik egiten duten seigarren bilera izan da. Bilera hasi aurretik dozenaka behargin sartu dira langileen ordezkariekin batera enpresa barrura. Ertzaintza bertaratu da, baina ez da aparteko arazorik egon.

Negoziaketa mahaia

Enplegua Erregulatzeko Espedientearen aurkako jarrera mantendu du enpresa batzordeak zuzendaritzarekin izandako bileran. "Krisi koiuntural bati neurri estrukturalekin erantzun nahi dio zuzendaritzak", azaldu du Edu Ibernia Tubacexeko Enpresa Batzordeko lehendakariak. 

Langileak bide judiziala jorratzen ari dira 150 kaleratzeen aurka. Gauzak hala, derrigortuta daude negoziaketa mahaira proposamenak aurkeztera. Horregatik, enpresa batzordeko gehiengoak langileen irteera ez-traumatikoak oinarri dituen plana jarri du mahai-gainean.

Zuzendaritzak balorazio zuzenik egin ez duen arren, kontra-proposamen batekin erantzun dio langileek aurkeztutakoari: kaleratzeak 150etik 134ra jaistea eta nahitaezko-kaleratuek jaso beharreko kalte-ordaina igotzea proposatu du. Enpresa Batzordeak, ordea, ez du kaleratzeak ekarriko lituzkeen proposamenik onartuko.

Identifikatu bat

Arratsaldean langileek arrautzak jaurti dizkiote zuzendaritzako kideak zihoazen autobusari. Ertzaintzak polizia-lerroa igaro eta gazte bat atxikitu eta identifikatu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide