Aiara Bira martxoaren 13an itzuliko da eta Espainiako Federazioak elite kategorian sartu du

Aitor Aspuru Saez 2021ko mar. 5a, 07:00
Aiara Birak eskualdeko errepideak hartuko ditu berriro. / Aiaraldea.eus

Iaz COVID-19 birusaren pandemiaren ondorioz ez zen Aiara Bira egin, baina aurten itzuli ez ezik, Espainiako Txirrindularitza Federazioak lasterketa nazionaltzat jo du. Jon Unzaga laudioarra omenduko dute.

Pandemiak Aiara Biraren 2020ko edizioa bertan behera utzi eta gero, indar berrituekin itzuliko da berriro proba martxoaren 13an. Zehazki, hurrengoak izango dira etapak, iazko ibilbideak errespetatuta:

  • Martxoak 13: Laudio. Aldaikorreka plazatik abiatuko da 16:00etan eta 42 kilometro izango ditu ibilbideak.
  • Martxoak 14: Okondo. 11:00etan Kultura Etxetik aterako da eta 43,1 kilometro bete beharko dituzte txirrindulariek.
  • Martxoak 20: Artziniega. 16:00etan igerilekuetan izango dute abiapuntua kirolariek 44,6 kilometrotan zehar lehiatzeko.
  • Martxoak 27: Arespalditza. 16:00etan herriko plazan hasiko da etapa eta 41,2 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik.
  • Martxoak 28: Amurrio. 11:00etan Elexondo kalean izango dute hitzordua parte-hartzaileek etapa luzeena egiteko, 51,6 kilometrokoa, alegia.

Espainiako Federazioaren aitorpena

Antolatzaileek jakinarazi dute Espainiako Txirrindularitza Federazioak kategoria nazionalaren barruan onartu duela Aiara Bira. Horrek esan nahi du Elitean egongo dela proba eta atzerriko taldeek ere aukera izango dutela izena emateko.

Gainera, antolakuntzak honakoa gogoratu du: "15 eta 16 urte bitarteko mutilentzako lasterketa den arren, adin horretako neskek zein Junior kategoriakoek (17 eta 18) ere parte har dezakete".

Jon Unzagak omenaldia jasoko du

Aurten Jon Unzaga Bombín txirrindulari profesional ohia izango da omendua. Kirolari laudioarrak ibilbide bikaina egin zuen eta 1987tik 1996ra bitartean munduko maila gorenean aritu zen Kas, Seur, Clas-Cajastur eta Mapei taldeetan.

Horrela, Frantziako 4 Tourretan, Italiako 3 Girotan, Espainiako 9 Vueltatan eta Munduko 2 txapelketetan lehiatu zen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide