Martxoaren 8ko mobilizazioen harira EAJ-PSEren gobernu taldeak hartutako erabakiaren aurka azaldu dira EH Bildu eta Omnia

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko mar. 6a, 07:59

Banderak jarri ditu Laudioko udalak "feministok prest" lemapean. / Aiaraldea.eus

"Hau al da EAJ-PSEren feminismoa?" galdegin du EH Bilduk. Omniak ere plazaratu du gobernu taldearen erabakiaren aurkako oharra: "feminismoak ez du itxaroterik".

Loli Muriel Berdintasun zinegotziak martxoaren 8ko mobilizazioekin bat ez egiteko deia zabaldu zuen aste honetan eginiko prentsaurrekoan: "Emakume eta Berdintasun zinegotzia naizen aldetik, norbanakoaren erantzukizunerako deia egin beharrean aurkitzen naiz, aurten pandemiaren ondorioz ez delako tokatzen". Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, jende metaketak ekiditeko da udal gobernuaren argudioa. 

EH Bilduren kritika

EH Bilduk, aldiz, desegokitzat jo ditu zinegotziaren adierazpenak: "Urtean behin -M8ko programazioaren barruan- hainbat ekintza egitearekin, udala banderolaz apaintzearekin eta Berdintasun Plana diseinatzearekin ez da bakarrik emakume zein gizonen arteko benetako berdintasuna bermatzen". Zentzu horretan, udalak iragarritako bestelako ekitaldien harira, EH Bilduk galdetu du "ea udalak eskumena duen mobilizazioetako deitzaileen araberako osasun larritasuna sailkatzeko" eta ea "haien ekimenetan birusa oporretan dagoen eta, aldiz, eragileek antolatutakoetan beti kutsatzeko arriskua dagoen". Izan ere, zenbait eragilek ekitaldiak antolatzeko egindako eskaerei izkin egin die udalak, Laudioko Mugimendu Feministak eginikoei kasu.

"Are gehiago, koalizioak zinegotziari galdetu dio ea ausardia izango duen aholkatzeko Tuacexeko langileei kaleak ez hartzea, euren  lanpostua eta eskubideak defendatzeko, eta ea zer egiten zuen orduan aurreko eguneko Tubacexeko argazki jendetsuan pankartaren atzean", erantsi dute EH Bilduko kideek. Ildo beretik, azken osoko bilkuran izandako jarrera leporatu diete jeltzaleei: "Gure eskubide eta aldarriak non defendatu behar ditugun esan behar digute? Noiz bai eta noiz ez? Adierazpen askatasunarekin ere bukatu nahi al dute, nora joan eta nora ez esanez?".

Zentzu horretan, Laudioko Mugimendu Feministaren deialdia babestu dute, eta herritarrei luzatu diete bertaratzeko deia, "orain arte egin bezala, arduraz jokatuz eta segurtasun neurri guztiak mantenduta, zaindu gaitezen!". Hain zuzen, astelehenean 19:00etan izango da manifestazioa, Herriko plazatik abiatuta.

Omnia ere desados

Omniak ere gogor kritikatu du gobernu taldearen jokaera. Pandemiak markatutako urtea dela-eta, ekimenak antolatzeko zailtasunak aitortu dituzte, "baina hau ezin da izan aitzakia gure eskubideak aldarrikatzeari uzteko. Ezin gara geldi  geratu". Feminismoak ez du itxaroterik, nabarmendu dutenez.

Berdintasun zinegotziaren adierazpenen inguruan, borroka ezin dela eten azpimarratu dute, "datorren urtean berandu izan daiteke". Hori dela eta, EAJ-PSEren aldebakarreko erabakiaren aurka agertu dira: "Zergatik manifesta gaitezke enpleguaren alde, eta emakumeen eskubideen alde ez? Oraintsu ikusi ditugu udal gobernu taldeko kideak pankarten atzean eta manifestazioetan babesa adierazten, zein desberdintasun daude asteleheneko mobilizazioekiko? Bat ere ez".

Omniaren iritziz, ekintzak dira garrantzitsuena, "eta gobernu talde honen jarrera ez da feminista. EAJk eta PSEk uste dute oso erraza dela borroka feminista garatzea adierazpen instituzionalak idatzita eta pankartak jartzera dedikatuz".

Guzti horregatik, Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara antolatutako manifestazio eta ekimenetara batzeko gonbita egin diete laudioarrei, "beste antzeko ekintzetan betetzen ari diren osasun eta segurtasun neurriak errespetatuta".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide