TUBACEXEKO GOI-KARGUEN SOLDATAK

1,8 milioi euro jaso zituzten Celestino Danis eta Tubacexeko beste 10 goi-karguk guztira iaz

Txabi Alvarado Bañares 2021ko mar. 12a, 07:47

Tubacexeko langileak Celestino Danisen aurpegia daramaten kartelekin, kaleratzeen aurka eginiko protesta batean. / Aiaraldea.eus

2019an are diru gehiago irabazi zuten 11 pertsona horiek: 2.755.000 euro guztira. Azken 10 urteetan 25.236.000 euro eskuratu dituzte goi-karguek.

1.873.000 euro jaso zituzten guztira kontseilari exekutiboak ez diren Tubacexeko goi-karguek 2020. urtean, soldatetan. Hala jasotzen du multinazionalak Merkatuaren eta Lehiaren Espainiako Batzordera (CNMC) helarazitako txostenak

11 goi-kargu dira guztira, eta Celestino Danis da horietako bat. Aiaraldeko lantegietako gerentea da Danis, eta langileek, bere aldetik, kaleratzeen erantzule zuzen gisa identifikatu dute (bera da Enpresa Batzordearekin azken asteetan eginiko bileretara joan dena, besteak beste). 

Hauek dira txostenean agertzen diren 11 goi-karguak:

Celestino Danis Basurko
Kargua: Managing Director Steel&Extrusion

Manuel Sarabia Figueroa
Kargua: HR Corporate Director and MD Trading and Services

Anton Azlor Villa
Kargua: Commercial Corporate Director

Iker Azkargorta Viteri
Kargua: Managing Director Big Pipes&Fittings

Juan Ignacio Roscales Bengoechea
Kargua: Purchasing Corporate Managing Director

Diego Herrero de la Torre
Kargua: Innovation Corporate Managing Director

Guillermo Ruiz-Longarte Perez
Kargua: Chief Corporate Officer

Charles Kirby Isasi
Kargua: Supply Chain Corporate Director

Javier Lorenzo Santiago
Kargua: Managing Director Americas

Miguel Gomez Lacabex
Kargua: Oim and M&A Director

Ajay Sambrani 
Kargua: Asia&Middle East Managing Director

Dokumentuak ez du zehazten pertsona bakoitzak zenbat diru jaso duen, baina dirua modu proportzionalean banatuko balitz bakoitzak urtebetean 170.272 euro jaso dituela ondorioztatu ahalko litzateke. 

Tubacexeko goi-karguek multinazionaleko administrazio kontseiluko kideek baino diru gehiago jaso zuten iaz. Bitxia dirudi hori, baina ohikoa da. Vidralan eta Tubos Reunidosen ere berdina gertatzen da, adibidez.

Kontuan hartu behar da administrazio kontseiluko kide askok beste lan edo kargu batzuk ere badituztela, beste enpresa edo erakundetan. Gainera, kontseiluko zenbait kide enpresaren akziodunak ere badira, eta modu horretan ere dirua jasotzen dute, dibidenduak banatzen direnean. 2019an 6 milioi euro banatu ziren guztira Tubacexeko akziodunen artean. 

Azken hamarkadako bilakaera

2019an are diru gehiago irabazi zuten Danisek eta gainontzeko 10 karguek: 2.755.000 euro guztira. 250.454,54 euro izango lirateke kontseilari bakoitzarentzat dirua 11 zati proportzionaletan banatuko balitz. 

2011. urtean sartu zen Tubacexen Celestino Danis. Geroztik 25.236.000 euro banatu dituzte esparru horretan, eta hau da ordutik hona goi-karguen soldatek izan duten bilakaera:

  • 2011. urtea: 2.796.000 euro 13 kideren artean
  • 2012. urtea: 3.157.000 euro 14 kideren artean
  • 2013. urtea: 2.909.000 euro 13 kideren artean
  • 2014. urtea: 2.277.000 euro 9 kideren artean
  • 2015. urtea: 2.277.000 euro 11 kideren artean
  • 2016. urtea: 2.188.000 euro 11 kideren artean
  • 2017. urtea: 2.349.000 euro 12 kideren artean
  • 2018. urtea: 2.655.000 euro 9 kideren artean
  • 2019. urtea:  2.755.000 euro 11 kideren artean
  • 2020. urtea: 1.873.000 euro 11 kideren artean 
Erlazionatuak

Nork agintzen du Tubacexen?

Txabi Alvarado Bañares 2021 mar 11 Aiaraldea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide