SUHILTZAILEAK BORROKAN

"Sute guztietan gutxienez lau suhiltzaile egotea eskatzen dugu, oinarrizko segurtasun baldintzak bermatzeko"

Aitor Aspuru Saez 2021ko mar. 17a, 09:05
Mikel Lopez de Santiago Laudioko Suhiltzaileen Parkean. / Aiaraldea.eus

MIKEL LOPEZ DE SANTIAGO Aiarako Suhiltzailea da eta pasa den astean hasitako protestei buruz mintzatu da. Egonkortasuna eta segurtasuna eskatzen dute larrialdi zerbitzuko langileek.

Pasa den astean abiatu zenituzten protestak. Zer dela eta?

Duela aste batzuk hasi ginen prestatzen. Aldarrikatzen duguna da Araban -ez bakarrik Laudion- suhiltzaileen postuak finkatzea, langileen egoera egonkortzeko. Horretarako beharrezkoa ikusten dugu enplegu publikoaren eskaintza deitzea ahalik eta lasterren.

Edonola ere, hori ez da gure eskaera bakarra. Horrekin batera beste zerbitzu publikoekin parekatzea eta berdintzea nahi dugu, lan baldintzetan zein bitartekoetan. 

Arabako Suhiltzaileen heren batek behin-behinean lan egiten du, ezta?

180 inguru gara eta 60 batek ez dute plazarik. Zerbitzua sortu zenean, negoziazio mahaian hitz egin zen oposizioak egingo zirela langile guztiak finkatzeko. Oinarri batzuk ere eztabaidatu ziren eta eskatzen duguna da 2016an abiatutako prozesua amaitzea enplegu publikoaren eskaintza handia eginda.

Beste zerbitzu batzuk aipatzen dituzunean, zertan nahi duzue parekatzea?

Egia da Araban biztanleria txikiagoa dela beste herrialdeekin alderatuta, eta, ondorioz, suhiltzaile gutxiago daudela. Hala ere, guk eskatzen dugu gutxiengo lantaldea egotea gure lanak gutxiengo segurtasunarekin egiteko. 

"Txanda bakoitzean, gutxienez, bi bikote egotea eskatzen dugu. Horrela, sute batean bikote batek barruan lan egiten duenean, kanpoan beste bat gera daiteke"

Bi bikote egotea eskatzen dugu txanda bakoitzeko. Sute guztietan bikoteka lan egiten da eta horrela, bikote bat barruan egonez gero, gutxienez beste bat egon daiteke kanpoan. Horrela, arriskua egongo balitz, barrukoek laguntza eskuratzeko aukera izango lukete.

Orain arte Laudioko parkean hori ziurtatu dugu, baina egun askotan lau besterik ez gaude. Beste parke batzuetan, txikiagoak direnez, ordea, hiru suhiltzaile daude. 

Zerbitzu publikoa izanik, zer nolako mobilizazioak egiten dituzue?

Bi astean behin elkarretaratzeak egiten ditugu Gasteizen, Foru Aldundiko plazan. Horrez gain, lanuzteak deitzen ditugu egun horietan, baina hain gutxi izanik, oso jende gutxik egin dezake lanuztea.

Pasa den astean bat egin zenuten Tubacexeko langileen protestarekin, zer eskatzen diezue herritarrei zuen eskaerak babesteko?

Guk eskatu dezakeguna da politikoak sakatzea, konturatu daitezen gutxiengoa behar dela segurtasun baldintzetan lan egiteko. Hau da, gutxienez, beharrezkoa dira lau suhiltzaile parke txikietan eta, Laudiokoa bezalakoetan, bost suhiltzaile.

Lau edo bost suhiltzaile, dena den, ez da asko, bi sute daudenean aldi berean zer egiten duzue?

Horrelako egoerak ez dira oso ohikoak, baina gertatzen dira. Orduan Basauriko Suhiltzaileen edo Langraitzeko Suhiltzaileen laguntza jasotzen dugu. Parkeen arteko elkarlana arrunta da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide