Ertzaintza Tubacexeko lan gatazkan izaten ari den jokabidea salatu du LAB sindikatuak

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko mar. 26a, 09:04

Atzo Ertzaintzak foam balak jaurti zituen grebalarien aurka. / Aiaraldea.eus

Atzo foam balak erabili zituzten beharginen aurka. Sindikatu abertzalearen iritziz jokabidea "erabat neurrigabekoa da".

Oharra plazaratu du LAB sindikatuak Ertzaintza Tubacexeko greba mugagabean izaten ari den "neurrigabeko" jokabidea salatzeko. Atzo -martxoak 25- ez ezik, grebaren aurreko 42 egunetan ere langileek poliziaren probokazioak jasan dituztela adierazi du sindikatuak. "Tamalez, 43 greba egun hauetan hainbat ekintza probokatzaile eta neurriz kanpokoak izan dira Ertzaintzako hainbat kideren eskutik, bai eta dispositibo osoen eskutik ere".

Ertzaintzak zenbait kazetariren jarduna oztopatu duela nabarmendu dute sindikatu abertzaleko kideek, bai eta ordezkari sindikalen aurka egin duela ere. LABen iritziz, jokabide zalantzagarria da Ertzaintzarena: "Ertzaintzako zenbait kide jarrera 'txuleskoak' eta agintekeriazko jarrerak izaten ari dira langileen aurka, etengabe zirikatzen eta kikiltzen saiatzen baitira".

Foam balak

Atzoko karga polizialetan foam balak erabili zituen Ertzaintzak grebalarien aurka. Karga polizialen ondorioz langile ugari zauritu ziren eta hainbatek anbulatoriora jo behar izan zuten. LABek gogor kritikatu du Ertzaintzak langileengana eskopetarekin apuntatzea.

Azkenik, grebalariak errespetatzea eskatu dute: "Tubacexeko langileek dagokien errespetuarekin tratatzea merezi dute, beren lanpostuak eta beren familien eta eskualdearen etorkizuna defendatzen ari baitira, Tubacexeko enpresa-zuzendaritzaren diru- gosearen aurrean".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide