Azken unera arte lehia bizia egon da Aiara Biraren XXXI. edizioan

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko mar. 29a, 16:00

Tamirat Navarro txirrindulari aiararra ihesaldian, iragan igandeko Amurrioko etapan. / Aiara Txirrindulari Elkartea

Arespalditza eta Amurrioko jardunaldiek amaiera eman diote kadete kategoriako lasterketari. Guztira, 180 gaztek hartu dute parte tropelean.

Aiara Biraren XXXI. edizioa itxi zuten iragan larunbat eta igandean jokatutako Arespalditza eta Amurrioko lasterketek. Aurtengo edizioa Espainiar Txirrindularitza Federazioko egutegi ofizialaren parte izan da, eta guztira 180 txirrindulari gaztek osatu dute tropela.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako txirrindulariaz gain, Espainiako Estatutik etorritako kirolari ugarik hartu dute parte proban. Gainera, ehundik gora boluntario aritu dira biraren antolakuntza lanetan.

Arespalditza: etapa nagusia

Bere gogortasunagatik larunbatekoa izan da bost jardunaldietatik esanguratsuena. Arespalditzatik abiatu ziren txirrindulari gazteak. Tropela batuta iritsi zen Beotegiko gainaren oinetara. 1. kategoriako mendate horretan ordea, zatitu egin zen eta ordutik aurrera abiadura bizia hartu zuen lasterketak. Miguel Dominguez izan zen helmuga zeharkatzen azkarrena.

Amurrio: guztia erabakitzeke

Lehia estuarekin heldu ziren sailkapen nagusiko buruak Amurrion jokatuko zen azken jardunaldira. Lehenengo hiru txirrindularien atzetik beste 14 zihoazen, 2 segundoko aldearekin.

Aiara Txirrindulari Elkarteko Tamirat Navarro gazteak ihesaldia egin zuen, baina tropelak helmugatik 5 kilometro eskasera harrapatu zuen.

Etapa Alberto Galindorentzat izan zen, eta sailkapen nagusian Norinver taldeko Sergio Romeo igo zen podiumeko maila gorenera. Jon Unzaga txirrindulari profesional ohia arduratu zen sari banaketaz.

Antolakuntzak oso balorazio positiboa egin du: "COVID-19ak jarritako zailtasun guztiak gainditu eta oso lasterketa polita izan da aurtengo Aiara Bira".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide