ARGAZKI KRONIKA

Greban jarraituko dutela berretsi dute Tubacexeko ELAko sail sindikaleko kideek

Txabi Alvarado Bañares 2021ko mar. 31a, 22:25

Afiliatuen batzarra egin dute gaur eguerdian Laudioko San Martin futbol zelaian. 

Afiliatuen bilera egin du ELAren Tubacexeko sail sindikalak gaur eguerdian Laudioko San Martin futbol zelaian, 11:30ean. 150 langile inguru bertaratu dira bilerara, Laudioko lantegiaren aurrean egin diren ekimenen ostean. 

Edu Iberniak hitz egin du lehenbizi. Orain arte eginiko borroka goraipatu du Tubacexeko Enpresa Batzordeko presidenteak. “Oso ondo goaz”, nabarmendu du. Gauzak hala, Aste Santuko oporretan “atseden hartzeko” gonbita luzatu die bertaratutakoei, “baina erlaxatu gabe”. 

Salaketa kolektiboaren nondik norakoak

Iñaki San Andresek hartu du hitza jarraian. ELA sindikatuko aholkularia da, eta Enplegua Erregulatzeko Espedienteetan da aditua. Kaleratzeen aurka abiatuko duten salaketa kolektiboaren nondik norakoak azaldu dizkie afiliatuei. 

Bere ustez, argudio nahiko daude epailearen aurrean kaleratzeak nulu bilakatzeko. Alde batetik, aholkulariak argudiatu du zuzendaritzak hitzarmen kolektiboa hautsi duela Enplegua Erregulatzeko Espedientea aurkeztuta, “bertan zehazten delako 2021ko abendura arte lanpostu kopurua berdin mantendu behar dela”.

Era berean, zuzendaritzak “fede txarrez” jokatu duela uste du sindikatuko kideak, “bileretan zenbait eskaintza egin dituelako, gero mahai gainetik kendu dituena”. 

Sindikatu guztien artean lortutako "batasun sindikala" goraipatu du Edu Iberniak, Enpresa Batzordeko presidenteak

Salaketa kolektiboa “erdi amaituta” dutela aurreratu du ELAko bozeramaileak, eta aurreikusi du Enpresa Batzordean ordezkaritza duten gainontzeko sindikatuek ere euren salaketa propioak jarriko dituztela. “Apirilaren 21a da aurkezteko epemuga, guk egun batzuk lehenago aurkeztuko dugu seguru asko, mesedegarria zaigun azken orduko sententzia bat sartzen bada dokumentazioan sartu ahal izateko”, aurreratu du San Andresek, “ekainaren erdialdean aterako da sententzia, baina helegitea jarriko dugu guk edo enpresak, emaitzaren arabera”. Horregatik, prozesua “urria edo azarora arte” luzatu daitekeela kalkulatu du ELAko kideak. 

Hala ere, aholkulariak ohartarazi du legea ez dagoela langileentzat egina, “enpresarientzat baizik”. Gauzak hala, bi borrokak (“judiziala eta sindikala”) uztartu behar direla nabarmendu du San Andresek, eta ezinbestekotzat jo du greban jarraitzea.

Izan ere, bere ustez, borroka ez da 129 kaleratuen alde soilik, enpresan dauden behargin guztien mesedetan baizik. “Ainhoa Riverak (Tubacexeko giza baliabideen arduradunak) argi esan zuen bilera batean ezin zituztela gainontzeko enpleguak bermatu, ez dakitelako zer gertatuko den hemendik urtebetera”. 

Gauzak hala, borrokan jarraitzeko deia luzatu du San Andresek, eta enpresaren jokabideaz ohartarazi du. “Zuzendaritzak banaketa sustatu nahiko du, buloak zabalduta”. 

Bukatzeko, langileek orain arte eginiko borroka goraipatu du sindikatuko arduradunak. “Orain arte ez dut inon horrelako erantzunik ikusi, herriaren partetik batez ere”. 

Batasun sindikalaren balioa

Edu Iberniak hartu du berriz hitza bileraren azken zatian. Enpresa Batzordea osatzen duten sindikatu guztien artean lotutako batasuna goraipatu du. Bertaratutako langileak txaloka hasi dira orduan. “Beste garai batzuetan elkarren artean mokoka aritu gara, baina orain denok ulertu dugu batuta egon behar dugula”. 

Legebiltzarrean atzo entregatutako gutunaz galdetu du langile batek. Iberniak azaldu du bi kontu nagusi helarazi zizkietela talde politikoei dokumentu horretan: Tubacex deslokalizazio prozesu batean sartuta egoteko arriskuan dagoela eta Ertzaintzaren presentzia eta jokabidea “neurrigabea” izaten ari dela greban. “Horrez gain, lan erreforma baliogabetu behar dela ere jarri genuen mahai gainean”. 

Datorren asteko ekintzak

Bukatzeko, Enpresa Batzordeak datorren asterako prestatu dituen ekintzen berri eman du Iberniak. “Asteartean ibilaldi egingo dugu haurrekin Amurriotik Laudiora. Asteazkenean Itzulia igaroko da Laudiotik, eta antolatzaileek bidea aldatu dute txirrindulariak lantegi aurretik igaro daitezen”. Ostiralean, aldiz, “hitzarmen eguna” hartuko dute, eta larunbatean mobilizazioa deituko dute Bilbon. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide