Apirilaren erdialdean Tubacexeko zuzendaritzak eskutitza bidali zien euskal erakundeei, besteak beste, euren babesa eskatzeko, egungo lan gatazkaren errua sindikatuei leporatzeko eta ziurtatzeko bere asmoa dela eskualdeko lantegien aldeko apustua mantentzea.
Handik gutxira, aldiz, gutxiengo zerbitzuak eten zituen eta Celestino Danisek berak (Aiaraldeko lantegietako zuzendariak) mezua zabaldu zuen jakinarazteko greba jarraitzen ez duten langileen jarduera atzerriko fabriketara bideratuko duela.
Hobeto esanda, Danisek azaldu zuen lantegietan zeharka aritzen diren lanaldiak bestelako helburuetara begira jarriko dituztela. Erabaki horrekin, nolabait, enpresak onartu du, nahi gabe, grebaren jarraipena erabatekoa dela lantegietan eta "lanera" joaten ziren 100 langile horietatik asko (hau da, fabriketan aritzen direnak) gutxiengo zerbitzuek behartuta joaten zirela.
Bestelako patua da autobusetan joaten ziren kontratatuenak. Horiek, oro har, lantegietara zuzenean lotuta ez dauden betebeharrak dituzte: ingeniaritza, bulego lanak... Eta horien lan orduak bideratuko dituzte Indian, Estatu Batuetan, Austrian edo Kantabrian taldeak dituen azpiegiturak eta proiektuak hobetzera.
Estrategia aldaketa
Zuzendaritzak erabaki horrekin hiru norabideko estrategia abiatu du. Alde batetik, barneratu du langileek ez dutela berehala greba utziko eta mantenu lanak luzatzea ez duela zentzurik (gainera, gutxiengo zerbitzuetan aritzen zirenek erresistentzia kutxari ematen zioten dirua, oro har).
Bestalde, Laudion, Amurrion zein Gasteizko Legebiltzarraren aurrean gertatutako istiluek Tubacex taldearen izena zalantzan jarri dute eta horrelako egoerak ekiditeko bidea da zuzendaritzaren zein greba jarraitzen ez duten beharginen presentzia murriztea Aiaraldean. Duela gutxi arte, zuzendariek borroka puntua bilakatua zuten lantegietako sarrera, eta gutxitan lortu zuten piketeek autobusak ez sartzea. Baina orain, bat-batean, horri uko egin diote enpresako arduradunek.
Deslokalizazioa
Celestino Danisek zabaldutako komunikazioan argi azaldu zuen Laudion eta Amurrion egun baliatzen ez diren indarrak munduko beste ekoizpen azpiegituretan kontzentratuko direla. Besteak beste, Austrian prentsa potentzia areagotzera, Indian produktuen garapena azkartzera eta biderkatzera edota Estatu Batuetan produktibitatea eta kalitatea hobetzera.
Beste era batean esanda: deslokalizazio estrategia marrazten du enpresak, nahiz eta duela aste gutxi kontrakora konprometitu euskal erakundeekin. Edonola ere, erabakia modu batean edo bestean publiko egin izana susmoak pizteko modukoa da. Izan ere, grebalariei begirako presio neurria izan daiteke, protesta uzten ez badute proiektua kanpora eramango dutela iradokitzeko.