URMUGA 2021

Tologorrin izango da Urmugako lehen kontzertua aurten

Aitor Aspuru Saez 2021ko mai. 5a, 09:00
Iazko emanaldiaren irudia, Ponatako pagadian. / Aiaraldea.eus

Urmuga ekimenak mendizaletasuna eta musika uztartu zituen iaz eta aurten ere Gorobelen hasiko da. Uztailaren 13an abiatuko da ekimena eta lehenengo kontzertua Tologorrin egingo dute.

Iazko arrakastaren ostean, Urmuga egitasmoko antolatzaileek edizio berria prestatzeari ekin diote. Aiaraldeak protagonismoa izango du berriro eta abiapuntua Gorobelen egongo da. Hala adierazi diote sustatzaileek Berria egunkariari. Julen Reketa profesionalak berretsi dio Aiaraldea Hedabideari berak hartuko duela bere gain jendea menditik gidatzeko ardura, beste behin ere.

Printzipioz, antolakuntza lanean ari da egitaraua osatzeko, baina hasiera eta amaiera data jarri dituzte jadanik; uztailaren 13an emango dituzte lehenengo urratsak mendizaleek eta hil bereko 31n amaituko dute ibilbidea Hiru Errege Mahaian. Hau da, Euskal Herria ekialdetik mendebaldera zeharkatuko dute.

Bidean 12 kontzertu eskainiko dituzte; 6 handi eta beste 6 txikiagoak. Guztiek izango dute Et Incarnatus orkresta oinarri, baina eurekin Dupla, Gorka eta Nerea Urbizu, Alex Sardui, Olatz Salvador, Nogen, Anari, Chill Mafia, Niko Etxart, Juantxo Arakama (Glaukoma), Idoia Asurmendi eta beste hainbat musikari arituko dira. Aurten, hortaz, musika emanaldiak are anitzagoak izango dira eta jende gaztea erakartzea dute helburu.

Lehen musika emanaldia Tologorrin izango da. Iaz Ponatako Pagadian egin zuten eta Maider Zabalegiren abestiak dantza garaikidearekin nahastu zituzten, besteak beste.

Esan bezala, egitaraua ez dago itxita, baina Urmugaren webgunean emango dute horren berri.

 >

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide