Larunbatean 00:00etan amaituko da Espainiako Gobernuak ezarritako Alarma Egoera luzea. Aiaraldean, behintzat, osasun adierazleak ez dira baikorrak eta herri gehienek -Arrankudiaga-Zollok eta Orozkok salbu- gainditzen dute 400 gaixo 100.000 biztanleko tasa.
Alabaina, testuinguru horretan, batzuk konturatu dira, printzipioz, eta Lehendakariak irizpidea aldatzen ez badu, 24 orduko lege hutsunea egongo dela igandean. Hau da, Iñigo Urkulluk iragarritako dekretua astelehenean sartuko litzateke indarrean, eta salbuespen egoera larunbatean agortuko da.
Jakina, Lehendakariak iritzia aldatu dezake, baina, momentuz, adierazpen horretara helduta, hainbat jende hasi da aurreikusten gauerdian aukera izango duela kalera ateratzeko. Batzuentzat denbora lar igaro da parranda ganoraz egin zuten azkenengo aldiz, eta hori errepikatzeko abagunea noiz agertuko den jakin gabe, igandea izan daiteke eurentzat urrezko unea -batzuek otxomaioak dituzte buruan, esaterako-. Izan ere, poliziak ez du izango tresna legalik jendeen taldeei aurre egiteko.
Arauak airean
Edonola ere, dena alda daiteke ordu gutxitan. Hasteko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak erantzun beharko dio Eusko Jaurlaritzaren dekretuari eta orduan jakingo da ordutegi mugatuek edota itxiera perimetralek jarraipena izango duten -neurri horiek mantentzearen aldekoa da Lehendakaria-. Epaileek ebazten dutena beteko da, Iñigo Urkulluk aurreratu baitu ez duela bide legala jorratuko euren iritziaren kontra.
Guazak horrela, ezer ez da ziurra. Alde batetik, epaitegiak arau murriztaile horiek bertan behera utzi ditzake, behin Alarma Egoera amaituta, funtsezko eskubideak urratzen dituztelako. Bestetik, Balearretan epaileek kontrakoa erabaki dute eta gauez ateratzeko debekua luzatu dute, adibidez.
Inkognita horiek guztiak laster argituko dira, baina ziurra den gauza bakarra da bitartean batzuk jai aparta prestatzen ari direla iganderako.