8 tren zerbitzu kendu ditu gaur goizean Renfek, atzo zuhaitz bat erori zelako trenbidean

Aitor Aspuru Saez 2021ko mai. 10a, 11:01
Behin eta berriro atzerapenak eta arazoak sortzen ari dira Renfeko tren zerbitzuan. / Aiaraldea,eus

Aurretik ezer jakinarazi gabe geratu dira bertan behera 8 tren Laudio eta Bilbo artean. Bilbo eta Urduña lotzen duen beste batek ere ez du ibilbidea amaitu. Atzoko istripuaren ondorioz, trenbidearen errail bakarra dago erabilgarri Laudio eta Ugao artean.

Renfek gaur ere hainbat tren zerbitzu utzi ditu bertan behera eta ordu kritikoetan, gainera (hau da, bidaiariak lanera edo ikastera joaten direnean). Enpresak ez du aurretik ezer adierazi eta Twitter bidez eman du horren berri. Arazo teknikoak argudiatu ditu erabakia hartzeko, azalpen gehiagorik eman gabe.

Aiaraldea Hedabidea Renfeko langileekin jarri da harremanetan eta hauek azaldu diote atzo zuhaitz bat erori zela trenbidean. Istripuaren kalteen eraginez sortu dira arazo guztiak.

Zehazki, hauek izan dira bertan behera utzi dituzten trenak gaur:

  • 06:35 Bilbo-Laudio
  • 06:49 Laudio-Bilbo
  • 06:54 Bilbo-Laudio
  • 07:09 Laudio-Bilbo
  • 07:15 Bilbo-Laudio
  • 07:25 Laudio-Bilbo
  • 07:48 Laudio-Bilbo
  • 08:09 Laudio-Bilbo

Horri gehitu beharra dago Bilbotik Urduñara 07:45ean atera den trenak Ollarganen amaitu duela ibilbidea.

Bestalde, Renfek jakinarazi du Bilbotik Urduñako norabidean ateratzen zen 23:17ko trena kenduko dutela, erakundeek ezarritako ordutegi mugen ondorioz.

Murrizketak eta gabeziak

Pandemia hasi zenetik, etengabeak izan dira arazoak Renfeko zerbitzuan. Esaterako, martxoan 30 zerbitzu baino gehiago utzi zituzten bertan behera. Renfe eta ADIF enpresetako langile ordezkariek behin baino gehiagotan salatu dute murrizketen atzean zerbitzua pribatizatzeko saiakera dagoela. CGT sindikatuaren arabera, enpresak nahita ari dira modu horretan jokatzen. 

Murrizketez gain, matxurak ere ugaritu dira azken urteetan, bitarteko nahikoak bideratzen ez direlako, sindikatuen aburuz. Duela gutxi, adibidez, sua piztu zen tren batean, frenoetako matxura baten ondorioz:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide