%60ko hobaria ezarriko zaie AP-68 autobidea Laudio eta Bilbo artean erabiltzen dutenei, irailetik aurrera

Txabi Alvarado Bañares 2021ko mai. 17a, 13:36

%60eko deskontua izango dute ohiko erabiltzaileek ordainsarietan. / Aiaraldea.eus

Urtean 554 euro aurreztera iritsi ahalko dira herritarrak, Aldundiaren arabera. 

Irailaren 1etik aurrera zabalduko dute AP-68 autobideko hobarien programa Laudio eta Bilbo artera. Tarte horretan ohikoan aritzen diren gidariek %60ko hobaria izango dute ordainsarian. 

Gaur iragarri du Arabako Foru Aldundiak neurri hori. Herritarrek “diru asko aurreztu” ahalko dutela nabarmendu du Blanca de la Peñak.

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuaren esanetan, urtean 554 euro aurreztuko dituzte lanera edo ikastera Laudiotik Bilbora joateko egunero autobidea erabiltzen dutenek. “Gasteiz eta Bilbo artean egunero bidaiatzen duen eta egungo baldintzetan programaren onuradun den pertsona batek urtean 1.496 euro behar ditu bidesariak ordaintzeko, baina aldaketak egin eta gero, 994 euro ordainduko ditu”, azaldu du De la Peñak, “aldiz, Laudio eta Bilbo artean bidaiatzen duen herritar batek urtean 924 euro ordaintzen ditu, ezin baitu inolako hobaririk jaso. Dekretu berriari esker, aldiz, urtean 369 euro ordainduko ditu”.

Aldundiko ordezkariak azaldu duenez, orain arte Zanbrana eta Laudio artean zihoazen gidariek soilik jasotzen zuten hobaria. Irailetik aurrera, ordea, EAEtik igarotzen den AP-68ko tarte osoak izango du hobaria.

Hobaria jasotzeko baldintzak hiru izango dira, orain arte bezala: 

  • Hilean gutxienez 15 bidaia egitea.
  • Araban erroldatuta egotea. 
  • Teleordainketa sistema bat izatea.

AP-68 dohainik plataformaren balorazioa

AP-68 dohainik plataformako kideentzat “albiste ona” izan da Aldundiak iragarritakoa, baina euren aldarrietatik “oso urrun” dagoela gaineratu dute, autobidea erabat doan izatea aldarrikatzen dutelako.  

Aldundiak, bere aldetik gogorarazi du Batzar Nagusietan aztertzen ari direla nola finantzatu modu egokian “Arabako gaitasun handiko bideen mantentzea”, eta hobarien programa hausnarketa horren parte dela. “Lan horren ondorioen arabera erabakiko da AP-68 eta AP-1 autobideetarako hobarien egungo programen etorkizuna”.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide