Erantzun publiko bateratua zabaldu dute Tubacex enpresan ordezkaritza duten sindikatuek. Hain zuzen, aho batez egin diote uko zuzendaritzaren proposamenari, gaur agortzen baita epea horri erantzuteko.
Langile ordezkariek azpimarratu dute adostasun osoa dagoela ezezkoan, sail bakoitzak batzarretan landu baitu gaia. Horren harira, argitu dute arrazoi nagusiena dela ez dutela kaleratzerik onartuko.
Halaber, sindikatuek nabarmendu dute ez dutela lan hitzarmena berriro negoziatuko, zuzendaritzak ez duelako jadanik sinatutakoa betetzen. Bide batez, enpresako jabeei leporatu diete lantegien jarraipena bi urtez baino ez bermatzea, inolako industria planik gabe.
Amaitzeko, langile batzordeak adierazi du prest dagoela neurri ez traumatikoak negoziatzeko, behin-behineko krisialdia konpontzeko; baina gaineratu du horretarako kaleratzeak bertan behera geratu behar direla eta fabriken etorkizuna bermatu behar dela.