Aurretiazko ekinbideak ireki dizkiete Aiaraldeko hiru bizilaguni, martxoaren 25ean Tubacexeko Saratxoko piketean jazotako gertakariengatik. Datorren ekainaren 17an deklaratu beharko dute Amurrioko epaitegian, 12:00etatik aurrera. Ertzainek, aldiz, asteazken honetan egin dute.
Deklarazio guztiak entzun ostean ebatziko du epaileak epaiketa egin edo ez.
Desordena publikoak eta autoritatearen aurkako atentatua egotzi diete hiru bizilagunei. Horietako bati beste gauza bat ere egotzi egiten diote: Instagramera poliziarentzat iraingarria den bideoa igotzea.
Poliziaren bisitak etxera
Hiru herritarren etxeetara joan zen polizia apirilean. Eurekin komisaldegira joateko eskatu zieten, baina ikertuek uko egin zioten horri. Horietako bat abokatuarekin bertaratu zen beranduago Laudioko Ertzain-etxera, eta orduan jakinarazi zioten ikertuak izaten ari zirela.
Hainbat zauritu, borren eta foam balen ondorioz
Tubacexeko greba mugagabe osoko tentsio une handienetariko batzuk bizi izan ziren martxoaren 25ean Amurrion. Langileek suzko barrikada egin zuten eta Ertzaintzak hainbat pertsona zauritu zituen borrak eta foam balak baliatuta. Arratsaldean, aldiz, tanketa eraman zuen poliziak, barrikada paretik kentzeko.
Sei ikertu guztira
Hiru herritar hauekin, sei dira guztira Tubacexeko greba mugagabea dela eta epaitegira joan behar izan duten herritarrak. Maiatzaren 11n Tubacexeko hiru grebalarik deklaratu behar izan zuten, otsailaren 23an Laudioko piketean jazotako gertakariengatik. Desordena publikoak eta autoritatearen aurkako atentatua egotzi zieten eurei ere. Epaileak ez du oraindik ebatzi langile horiek epaituko dituen edo ez.
Langile eta herritar andana bildu ziren epaitegiaren aurrean, ikertuei babesa adierazteko: