7 gorroto delitu erregistratu ziren 2020an Aiaraldean, Ertzaintzak berriki plazaratutako memorian azaltzen denez. Dokumentua poliziak plazaratu duen arren, EHUko irakasle talde batek osatu zuen.
Amurrion bost salaketa egon ziren eta bana, aldiz, Aiara eta Laudion.
Ertzaintzak ez du zehaztu delitu horiek zein motatakoan izan ziren, “herri txikietan delitu horiek jasan dituzten pertsonek biktmizazio bikoitza jasan dezaketelako”.
Hala ere, lurralde historikoen araberako datuak eskaini dituzte:
Goiko taulan ikusi daitekeenez, EAEn jazotako gorroto delituen ia erdia arrazismo edota xenofobiari lotuak egon ziren (117). Sexu orientazio edota identitateari lotutako kasu ugari ere erregistratu ziren (50), eta baita aniztasun funtzionalari lotutako beste 29 ere.
“Hazkunde esponentziala”
Kasu kopuruari dagokionez, %129,52ko hazkundea egon zen 2019tik 2020ra. Hala ere, Ertzaintzaren arabera, horrek ez du esan nahi geroz eta gorroto delitu jazotzen direnik: “delituak hautematean nahiz erregistratzean poliziak izandako eraginkortasun handiagoaren ondorio da hori. Ertzaintza gero eta hobeto prestatuta dago kolektibo zaurgarriak deitzen direnen aurkako era honetako delituetan, eta, horrek erraztu egiten du identifikazioa, tratamendua eta datuen zenbaketa”.
Eskualdeko kasuak
Azken urteetan eskualdean gorrotozko delituekin erlazionatutako zenbait kasu salatu dira. Artziniegako jaietan bi eraso lesbofobo salatu zituzten 2019an. Bi urte lehenago, aldiz, CD Orduñak eta Indartsu Klubak adierazpen bateratua argitaratu zuten, lehen taldeko jokalariek partida batean jasotako irain eta mehatxu homofobo, arrazista eta xenofoboak zirela eta.
2019ko urtarrilean kasu entzutetsu bat jazo zen Lezaman: Polizia Nazional ohi bat atxilotu zuten, Ezker Abertzaleko familia baten etxearen aurka tiro egitea egotzita. Hainbat mobilizazio egin ziren, gertatutakoaren atzean gorrotozko delitua zegoela nabarmentzeko, baina fiantza gabe aske geratu zen atxilotua, eta ez zioten delitu hori egotzi. Tiro egitea eta legez kanpoko armak izatea leporatu zion soilik epaileak.
Horrez gain, eskualdetik kanpo kokatzen den arren, aipatzekoa da baita ere Basaurin asteburuan jazotako eraso homofoboa. 13 gaztek beste bat jipoitu eta konorte barik utzi zuten. Hori salatzeko manifestazioa egingo dute bihar udalerrian.