TUBACEX GREBAN

Tubacexeko zenbait grebalari Madrilera joan dira bizikletaz eta hainbat ordezkari politikorekin batu dira, Yolanda Diaz ministroa barne

Aitor Aspuru Saez 2021ko eka. 16a, 14:01

Gaur manifestazioa egin behar zuten Tubacex enpresako grebalariek Madrilen, baina Madrilgo Gobernu Ordezkaritzak baimena ukatu zien. Hala ere, sei lagun bizikletaz abiatu ziren hirira eta Madrilgo Kongresuan egon dira hainbat ordezkari politikorekin.

Gaur mobilizazioa egin behar zuten Tubacex enpresako grebalariek Madrilen, Kongresuaren aurrean, baina erkidegoko Gobernu Ordezkaritzak ez die baimenik eman horretarako, kartzelazainen mobilizazioa egon delako leku berean.

Gauzak horrela, grebalari talde batek ekimen sinbolikoa abiatu zuen atzo eta bizikletaz jo zuen hiriburura. Eurekin beste grebalari batzuk ere joan ziren, egitasmoa babesteko.

Yolanda Diaz ministroarekin

Behin Madrilen egonda, grebalariek bilerak eskatu dituzte alderdi ugariren ordezkariekin. Gainera, Yolanda Diaz Lan eta Ekonomia Sozialeko ministroarekin elkartu dira kalean.

Batzarrei dagokienez, langileak bi alderdi euskaldunekin batu dira. Alde batetik, EH Bildurekin izan dute hitzordua, Mertxe Aizpurua eta Oskar Matuterekin. Gero Aitor Esteban jeltzaleari eskatu diote bilera. Estebanekin batu ordez, Idoia Sagastizabalekin izan da zita. Grebalariek azpimarratu dute Eusko Jaurlaritza ez dela euren alde lerrokatu gatazka honetan eta nabarmendu dute kaleratzeak Tubacex taldeko kontseilarien diru goseak eragin dituela.

Sagastizabal, beste kongresukideek egin dute moduan, ordubete eskaini die grebalariei, eta aipatu die euren iritziak Arantza Tapiari jakinaraziko zizkiola.

ERC, Junts, PDCAT edota Unidas Podemos

Solasaldi gehiago izan dituzte langileek gaur Madrilen. Hain zuzen, Jordi Salvador (ERC), Sergi Miquel (PDCAT), Nestor Rego (BNG), Roberto Uriarte, Rafa  Mayoral (UP) eta Josep maría Jové (Junts) ere prest egon dira eurekin aritzeko.

Grebalariek mahai gainean jarri dute PPk gauzatutako azken lan erreforma bertan behera uztearen beharra eta tokiko lan hitzarmenak errespetatzeko beharra, eta ez esparru nagusikoak.

Ordezkari politikoek, euren aldetik, eskatu diete langileei batzordeak dokumentua prestatzea eta irailean itzultzea, landu dezaten. Izan ere, alderdiek "konponbide zaila" ikusten diote lan gatazkari.

Petronorrekin elkartasuna

Gaur grebaren 126. eguna bete da eta aste honetako mobilizazioak ez dira bukatu. Izan ere, bihar 3 gaztek deklaratu beharko dute Amurrioko epaitegian martxoaren 25eko piketean parte hartzeagatik eta elkarretaratzea deitu dute grebalariek hori salatzeko, 11:30etik 13:00etara.

Ostiralean, gainera, Bilbora joko dute berriro Tubacexeko beharginek hainbat enpresekin batera euren aldarrikapenak plazaratzeko, manifestazio bateratu bat antolatu baitute.

Horren harira, gaur eskualdetik igaro dira Petronorreko langileak, Gasteizeko bidean, eta Tubacexekoen babesa jaso dute.

Horrez gain, gogoratu beharra dago elkartasun bisita izan zutela langileek astelehenean:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide