PAULA GONZALEZ BUJAN

"Jarri didaten salaketarekin mezu bat zabaldu nahi dute: Tubacexeko grebalariak babesteak ondorio negatiboak dituela"

Aitor Aspuru Saez 2021ko eka. 14a, 14:00

Laudion bizi da Paula Gonzalez Bujan. / Aiaraldea.eus

PAULA GONZALEZ BUJANek (Urduña, 1995) ekainaren 17an deklaratuko du Amurrioko epaitegian beste bi gazterekin batera, Ertzaintzak salatu duelako Tubacexeko piketeetan parte hartzeagatik. Bere akusazioen zein salaketaren testuinguruari buruz mintzatu da. Tubacexeko langileek elkarretaratzea egingo dute ostegunean epaitegi aurrean, 11:30etik 13:00etara. 

Ekainaren 17an deklaratu behar duzu Amurrioko epaitegian, zer dela eta?

Martxoaren 25ean Tubacexeko piketean egon nintzen eta liskarrak egon ziren. Desorden publikoak, autoritatearen kontrako atentatua eta polizia iraintzea leporatzen didate.

Zehazki, coca-cola lata huts bat botatzea eta Instagramen bideo bat argitaratzea leporatzen didate. Uste dut neurririk gabekoa dela akusazioa, ez dago orekarik egindakoaren eta leporatu didatenaren artean.

Azalduko duzu zer gertatu zen egun horretan?

Lehenik eta behin, Laudioko piketean egon ginen, eta gero Amurriora jo genuen, deialdia baitzegoen hara joateko. 

Goizeko lehen orduan identifikatu gintuzten bide ertzean egoteagatik. Ustez, autoen trafikoa eragozten ari ginen, baina ez zen egia, errepideko bazterrean geunden. Eurek eten zuten trafikoa errepidean, ordubetez geldirik egon ginen eta autobusak heldu baino lehen, oldartu ziren. Hor jo ninduten lehenengo aldiz. 

Autobusak igaro ostean, erabaki zuten berriro egurtuko gintuztela, gu berriro jotzeko arrazoirik ez zegoen arren. Hala egin zuten eta  berriro kolpatu gintuzten. Zehazki, besoan, bizkarrean eta ipurdian jo ninduten, eta ez zen izan kolpatzen ninduten lehen eguna.

Egun horretan jende gehiago identifikatu zuten piketean aritzeagatik, zergatik uste duzu salaketa jaso duzula zuk, hain zuzen?

Uste dut nire aurka egin dutela ez naizelako Tubacexeko langilea. Nire iritzia da, ikusita langileen aurka ezin dutela ezer egin, babesten daudenon aurka jo dutela, elkartasuna jaso ez dezaten. Bidali nahi duten mezua da langileak babesteak ondorio negatiboak dituela.

Grebaren hasieratik joaten nintzen piketeetara eta ezagutzen ninduten, ez da kasualitatea gertatu dena.

Gainera, Ertzaintzak prozedura arraroa baliatu zuen salaketaren berri emateko, ezta?

Bai, beste pertsonen kasuan euren etxeetara joan ziren prozedura abiatu zutela jakinarazteko. Nire kasuan amaren etxera joan ziren. Nire ahizpa txikiak ireki zien atea eta esan zioten nirekin jartzeko harremanetan, dokumentu batzuen bila joan behar nintzelako komisaldegira.  

Abokatuarekin hitz egin nuen eta argitu zidan niri eman behar zidatela informazioa eskura, zuzenean, bitartekorik gabe. Adibidez, beste akusatu baten kasuan, birritan joan ziren bere etxera informazioa emateko aurrez aurre, lehenengo aldian ez zutelako topatu.

Niri, ordea, ez. Nik joan behar izan nuen komisaldegira eta larriena dena, hasierako informazioa ez zidaten niri eman, baizik eta beste pertsona bati. Ez zioten identifikaziorik eskatu ez ezer, ez zen zertan nire ahizpa izan. 

Nire aburuz, familia beldurtzeko saiakera izan da hori. Ez zen beharrezkoa. 

Horren guztiaren ondoren, piketeetara itzuli zara?

Noizbait bai, baina, oro har, etxean geratu naiz. Ez naiz damutzen piketeetan parte hartzeagatik, baina uste dut berriro joanez gero, nire kontra egingo dutela. Tubacexeko grebalarien borroka babestu beharra dago eta horretan jarraitu dut, baina ez piketeetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide