Renfeko tren zerbitzua atzerapenekin funtzionatzen ari da

Aitor Aspuru Saez 2021ko eka. 17a, 08:55
Ohikoak bilakatu dira arazoak eskualdeko tren zerbitzuan. / Aiaraldea.eus

Megafonia mezuek 10 minutuko atzerapenak iragartzen badituzte ere, 20 minutukoak dira. Amurrio eta Urduña artean zerbitzua ez dago indarrean, momentuz.

Eguna modu gorabeheratsuan hasi du Renfek. Izan ere, 06:40ak aldera enpresa publikoak jakinarazi du Laudio eta Abando arteko zerbitzua eteten zela arazo teknikoen ondorioz. Zehazki, langile batek azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari arazoa dela zirkuitu bat matxuratu dela eta semaforo bat gorri dagoela ibilbideko zati oso batean. Horrek suposatzen du gidariak motelago joan behar direla. Beharginak azpimarratu du horren ardura, zehazki, ADIF enpresarena dela.

Gero, Urduñara joan behar zen tren batek bere ibilbidea Amurrion bukatuko zuela iragarri dute.

 

Azkenik, arazoa konpondu dutela zabaldu du Renfek, baina atzerapenek jarraitzen dute Aiaraldean eta Urduña eta Amurrio arteko trenak, erabiltzaileek azaldu dutenez, ez daude indarrean.

 

Informazio gehiago izan ahala eguneratuko du Aiaraldea Hedabideak albistea.

Pandemia hasi zenetik, arazoak ohikoak bilakatu dira garraio publiko horretan eskualdeko bidaiarientzat.

Prekarietatea eta istripuak

Renfe eta ADIF enpresetan ordezkaritza duten sindikatuek ikasturte hasieran salatu zuten lan baldintzek nabarmen egin dutela okerrera azken urteotan eta prozesua azkartu eta sakondu dela COVID-19aren ondorioz.

Gauzak horrela, enpresa batzordeak azpimarratu du gero eta langile gutxiago daudela betebeharrei aurre egiteko eta mantenu zerbitzuan ere konponketa piezen falta aipatu zuten.

Azken horren adibide gordinak jazo dira eskualdean. Tren baten frenoak erre egin ziren Laudion, bi egunez balazta elektrikorik gabe egon eta gero. Gidariak eta ikuskatzaile batek kudeatu behar izan zuten ezbeharra, Gardeako geltokian trena hustu ostean. Azkenean Aiarako Suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide