TUBACEXEKO EPAIKETA

Zuzendaritzak uko egin dio Enplegua Erregulatzeko Espedientea mahai gainetik kentzeko epaileek egindako proposamenari

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko eka. 21a, 18:20

Langileek elkarretaratzea egin dute gaur Justizia Jauregiaren aurrean. / Aiaraldea.eus

Bost orduz luzatu da TTIn gauzatutako kaleratzeen aurkako epaiketa. Prozedura hasi aurretik, Justizia Auzitegi Nagusiko Areto Sozialeko epaileek proposamena aurkeztu dute: Enplegua Erregulatzeko Espedientea mahaiaren gainetik kentzea, eta Lana Aldi Baterako Erregulatzeko Espedientea ezartzea, kaleratutako langileak berronartuz. Enpresa Batzordeak proposamena onartu du, baina zuzendaritza horren aurka agertu da.

Gaur hasi da Tubacexeko zuzendaritzak gauzatutako 129 kaleratzeen aurkako epaiketa. Bi auzi ezberdinetan aztertuko dute epaileek Enplegua Erregulatzeko Espedientea ezartzeko arrazoiak justifikatuak ziren edo ez. Gaur TTI lantegiaren txanda izan da, eta bihar Amurrioko Aceralava altzairutegiarena izango da.

Adiskidetze-ekitaldia

Zuzendaritzako kideak izan dira Bilboko Justizia Jauregira sartzen lehenak, 8:30ean. Enpresa Batzordeko ordezkariak 10:00ak pasata sartu dira epaitegira, kanpoaldean ehunka langileren babesa jaso ostean. Garbiñe Biurrun presidente duen Justizia Auzitegi Nagusiko Areto Sozialeko epaileak izan dira gaur bi aldeak entzun eta kaleratzeen baliogabetasuna eztabaidatzearen arduradunak.

Lana erregulatzeko espedientea mahaigainetik kentzea, eta aldi baterako lana erregulatzeko espedientea ezartzea proposatu diote epaileek bi aldeei

Epaiketa hasi aurretik, ordea, adiskidetze-ekitaldia egin dute. Magistratuek proposamena aurkeztu diete bi aldeei: Enplegua Erregulatzeko Espedientea mahai gainetik kentzea, eta uztailaren 31ra arte luzatuko litzatekeen Lana Aldi Baterako Erregulatzeko Espedientea ezartzea, kaleratutako langileak berronartuz. Horretaz gain, 2 urtetan Enplegua Erregulatzeko Espedienterik ez aurkezteko konpromisoa eskatu diote zuzendaritzari.

Enpresa Batzordeak begi onez hartu du proposamena,  kaleratutako 129 langileen berronartzea aintzat hartzen zuelako batez ere. Zuzendaritzak, bere aldetik, uko egin dio epaileek aurkeztutakoari.

Balorazio positiboa

Epaiketa 5 orduz luzatu da, eta bi aldeen argudioak entzun dituzte Areto Sozialeko epaileek. Enpresa Batzordeko kideek oso modu positiboan baloratu dute saioa, eta baikor atera dira Justizia Jauregitik. "Enpresak betiko argudioak plazaratu ditu, baina argi geratu da neurri estrukturalak ezarri nahi izan dituztela egoera koiuntural baten aitzakiapean", adierazi dute beharginen ordezkariek.

Epaileek aurkeztutako proposamena ere ondo baloratu dute: "Oso adierazgarria da epaileek lehen unetik hori mahaigainean jarri izana, are baikorrago izatera garamatza. Gainera, 129 kaleratuen inkorporazioa hartzen zuen aintzat proposamenak, eta hori da guretzat garrantzitsuena. Oso sentsazio onarekin atera gara epaitegitik, baina gu ez gara juristak, sententziaren zain geratuko gara". Aurreikuspenen arabera, 10 egun barru espero dute epaileen ebazpena jasotzea.

Juan Carlos Iturri epailea buru duen aretoak baliogabetzat jo zituen PCB-ITP Aeron gauzatutako 87 kaleratzeak

Aceralava

Bihar, aldiz, Aceralava altzairutegian ezarritako espedientea igaroko da epaileen eskuetatik. Justizia Auzitegi Nagusiko beste areto batek izango du horren ardura, Juan Carlos Iturri epailea buru duenak, hain zuzen. Areto horrek berak baliogabetzat jo zituen PCB-ITP Aeron gauzatutako 87 kaleratzeak, maiatza hasieran. Horregatik, biharko saioarekiko ere baikor azaldu dira langileak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide