“Tubacexek dio kaleratzerik gabe kiebra jo ahalko lukeela 2022an”. Titular hori plazaratu zuen El Correo egunkariak iragan asteartean, 129 kaleratzeen aurkako epaiketen testuinguruan, baina ez da egia. Hala adierazi du gaur Jesus Esmorisek multinazionalaren akziodunen batzarrean.
Tubacexeko kontseilari delegatuaren hitzetan, El Correoko kazetariaren “akats” bat izan da titularra. “Argi dago ez dela Tubacex taldea kiebra arriskuan dagoena. TTI enpresaz hitz egiten ari gara soilik”, azaldu du zuzendaritzako kideak, “konpainia hori bai sartu daitekeela porrot arriskuan grebak aurrera jarraitzen badu”.
El Correoko titularra gaizki dagoen arren, albistearen gorputzak bat egiten du Esmorisek gaur esandakoarekin. Hala ere, kontuan hartu behar da Tubacex taldea 14 enpresaz osatutako holdinga dela gaur egun. TTI horietako bat baino ez da, eta Aceralava ere dago Aiaraldean. Gainera, sindikatuek behin baino gehiagotan salatu dute zuzendaritzak “kontabilitate ingeniaritza” egiten duela, Aiaraldeko fabrikak errentagarriak ez direla irudikatzeko (irabaziak taldeko beste enpresa batzuei egotziz, adibidez).
Eginiko 600 kaleratzeak “beharrezkoak” zirela ziurtatu du Jesus Esmoris kontseilari delegatuak
600 kaleratzeak, “erabat beharrezkoak”
Multinazionalak 2020. urtean izandako gorabeherak azaldu ditu Esmorisek akziodunen batzarrean. Nabarmendu duenez, taldeko fabrika guztietan (20 guztira mundu osoan) ezarri dituzte Lana Erregulatzeko Aldi baterako Espedienteak, gastuak murrizteko. “Zoritxarrez, eta ikusita krisi hau geratzeko etorri dela, taldeko 600 pertsona alboratu behar izan ditugu. Urte luzez gurekin lanean egondako pertsonak ziren, eta gure munduko lantegi ezberdinetan kokatuta zeuden”. Erabaki horiek “garratzak” baina “erabat beharrezkoak” direla nabarmendu du kontseilariak, “taldea erantzukizunez mantendu ahal izateko”.
Neurri hori guztiak aplikatuta, 30 milioi euro inguru aurreztea lortu dute, Esmorisen esanetan.
Etorkizun baikorra
Hala ere, baikor azaldu da kontseilari delegatua etorkizunari begira. “Gai izan gara lerro guztiak mantendu eta zabaltzeko, eta 185 milioi euroko kutxa lortu dugu urte amaieran, datozen lau urteetako amortizazioak ordaintzeko haina”.
Esmorisek “aurreikuspen onak” ditu urtearen bigarren zatirako, “eta baita hurrengo urteetarako ere”. Kontratu garrantzitsuak sinatu dituztela nabarmendu du arduradunak, eta multinazionalak ez diola hazteari utzi, ezta pandemia egoeran ere. “Oso ondo posizionatuta gaude COVID-19aren aurreko garaietara itzultzeko. Hori bai, askoz produktu tona gutxiago egingo ditugu, asko balio erantsi gehiagorekin, eta horretarako pertsona gutxiago behar izango ditugu, noski”.
Esmorisek aipatu du produktu tona gutxiago egingo dituztela aurrerantzean, balio erantsi gehiagorekin, eta langile gutxiago beharko dituztela horretarako
Plan estrategiko berri batean murgilduta daudela ere aipatu du, eta nabarmendu du plan “erabat apurtzailea” izango dela, deskarbonizazio prozesuari eta energia berriztagarrien aldeko apustuari erantzuteko. “Guk eboluzio horren parte izan behar dugu, eta horretarako birposizionatu behar gara, gasaren sektorean”. Ildo horretan, Brasil eta Ekialde Hurbileko bezeroetan zentratu behar direla gehitu du.
Alvaro Videgainen mezua euskal sindikatuei
Tubacexeko presidenteak -Alvaro Videgainek- ere hartu du hitza. Izan ere, gaurkoa izan da bere azken batzarra multinazionalaren presidente moduan. Aurrerantzean Francisco Garcia Sanzek hartuko du bere lekua (Volkswagen taldeko presidenteordea izandakoak).
“40 urte igaro dira Tubacexen sartu nintzenetik, eta azken 29 urteak eman ditut zuzendari lanetan”, azaldu du Videgainek batzarrean, eta aipatu du ez dela ibilbide erraza izan. “Une zailak bizi izan ditugu”, aipatu du, eta 1992. urtean bizitako ordainketen etetea jarri du horren adibidetzat. Krisi hori hainbat faktoreren ondorioz eman zela oroitu du, baina bat nabarmendu du besteen gainetik: langileen kostuak. “Genituen lan-kostuek ez ziguten gure lehiakide europarrekin lehiatzen uzten”.
Lan kostuak murriztu egin behar direla esan die Videgainek euskal sindikatuei, egungo krisia 1992. urtean bizitakoaren antzekoa dela nabarmenduta
Horri lotuta, “hausnarketa bat” helarazi nahi izan die Euskal Herriko sindikatuei: “egoerak, askotan, errepikatu egiten dira, eta ez ditugu ikusi nahi. Hemengo lan kostuak ezin daitezke Austria, Italia edota Estatu Batuetan ditugun lantegietakoak baino altuagoak izan. Ezin dugu pentsatu hemen ez dela ezer gertatzen. Duela 30 urte ere berregituratu behar izan genuen enpresako plantilla aurrera jarraitu ahal izateko, horregatik gaude gaur hemen”.
Ziklo baten amaiera
Akziodunen batzar hau ziklo baten itxiera dakarrela aipatu du Videgainek. “COVID-19ak jada ahuldua zegoen merkatu batean eragin zuen, eta horrek bultzatu gintuen asmo handiko talka-plan gauzatzera, ziklo berrirako antolakuntza burutzea ahalbidetuko ziguna”. Hala ere, enpresaburuak aipatu du ez duela Tubacex guztiz utziko, taldeak 2019. urtean sortutako fundazioan jardungo duelako aurrerantzean.
Duela bi urte jaiotako entitate horren jardunak kontraste handia egiten du multinazionalak aurten mundu osoan gauzatutako 600 kaleratzeekin. Izan ere, Tubacexeko buruak aipatu du COVID-19a hasi zenean “komunitatearen zerbitzura” jarri zutela enpresaren gaitasun logistikoa, Tubacex Fundazioak eginiko lanari erreferentzia eginez: “Eguneroko menuak banatu genizkien behartsuei, eta konfinamenduan babes sare bat eratu genuen, talde zaurgarrienetan zentratuta”.
Aiaraldea komunikabidearen beste galderak, erantzun gabe
Aiaraldea Komunikabideko kide bat egon da telematikoki Tubacexeko akziodunen batzarra jarraitzen eta hiru galdera planteatu dizkio zuzendaritzari:
- El Correo egunkariak berriki zabaldu du Tubacex disolbatu ahalko litzatekeela kaleratutako langileak berronartu beharko balitu. Nola da hori posible enpresak 200 milioi euro baino gehiagoko likidezia izanda?
- Kaleratzeen aurkako epaiketari helegitea jartzeko asmoa dago? (horrek datozen hilabeteetan kaleratutako 129 langileei euren soldaten %100a ordaintzea eragin dezakeen arren).
- Zenbatekoa izaten ari da grebaren eragina? Noiz arte uste da iraungo duela, eta zergatik?
Esmorisek lehen galderari erantzun dio soilik, eta uko egin dio beste biak erantzuteari, “prozesu judiziala irekita” dagoela argudiatuta.
Eusko Jaurlaritzak ez du ezer esan akziodunen batzarrean, akzioen %3a baino gehiago kontrolatzen duen arren
Eusko Jaurlaritza, isilik
219 akziodunek parte hartu dute batzarrean, telematikoki, multinazionalaren kapitalaren %54,37a ordezkatuta. Adostasuna ia erabatekoa izan da bozkatutako puntu guztietan. %99,8ak baino gehiagok bozkatu du alde puntu guztietan, batean salbu: administrazio kontseiluko kideen soldaten puntuan (%93,47ra jaitsi da adostasuna gai hori bozkatzean).
Eusko Jaurlaritzak Tubacexen akzioen %3,21a kontrolatzen du, Itzarriren bidez. Multinazionaleko 4. akziodun nagusia da. Hala ere, erakunde publikoak ez du gaurko aukera baliatu batzarrean hitza hartu eta Aiaraldeko lantegietan otsailetik hona luzatu den gatazkan lerrokatzeko.
Berez, Aiaraldea komunikabideko kidea izan da galderak egiteko hitza eskatu duen bakarra, gainontzeko akziodunak isilik mantendu dira.