Gaur eguerdian Tubacex enpresako langileek suzko proba berria gainditu beharko dute; akziodunen batzarra. Printzipioz, ez dirudi gaia agertuko denik bileran, baina 130 eguneko greba ezin da ezkutatu konpainia batean, salbu akziodunek apropos egiten badute.
Berez, batzarraren aktan ez dago erreferentziarik lanuzteari dagokionez, eta 2020ko kudeaketa baino ez da landuko. Gainera, hitzordua telematikoa izango da, "akziodunen segurtasuna eta osasuna bermatzeko". Iaz, pandemiaren eraginez, batzarra telematikoa ere izan zen, baina aurten, txertaketa kanpaina, kontseilarien adina -ziur guztiek gutxienez lehen dosia dutela- eta enpresak dituen bitartekoak leku handi bat alokatzeko aintzat hartuta, ez da erokeria pentsatzea aukera zutela aurrez aurre egiteko.
Hortaz, bitxia da bat-batean segurtasunarekin daukan begirunea zuzendaritzak, aintzat hartuta 2019an bi langile hil zirela bere lantegietan eta grebako hainbat egunez indarrez sartu dela zuzendaritza enpresan, ehunka grebalariri aurre eginda. Halaber, gogoratu dezakegu pandemiaren unerik okerrenean ekoizpena gelditzearen aurka agertu zela enpresa eta langileen batzordea salatu zuela lantegietako jarduera eteteagatik. Hori bai, akziodunentzat, neurri guztiak gutxi direla dirudi.
Edonola ere, litekeena da zuhurtzia horrek lotura handiagoa izatea grebarekin beste edozerrekin baino. Akziodunen artean langileak ere egon daitezke eta, egia esanda, badaude, eta zuzendaritzak nahi duen azkenengo gauza da grebalariek akziodunen jaia eta Alvaro Videgainek presidente moduan egingo duen azken batzarra zapuztea.
40.000 euro kontseiluan egoteagatik
Greba jorratuko ez bada ere, kontseilariek ez dute aukera pasatzen utziko euren soldata berriak onartzeko, 2021-2023 urteetarako, hain zuzen, iazkoak bezalakoak izango dira zentzu askotan. Dirua jasotzeko arrazoi ezberdinak egongo dira proposamen horretan, baina zehazki hauek dira adierazgarrienak:
- Presidentearentzat 80.000 euro urtero
- Kontseilarientzat 40.000 euro urtero
- Batzordeetan egoteagatik 10.000 euro urtero kontseilari bakoitzarentzat
- Batzordeko presidente izateagatik, 15.000 euro urtero kontseilari bakoitzarentzat
- Administrazio kontseiluko bileretan presentzialki parte hartzeagatik, 2.700 euro bilera bakoitzeko (10 izan ohi dira urtero)
Horri gehitu behar zaizkio kalte-ordain klausulak, akzioak jasotzeko aukera, aseguruak, enpresa autoak... Dudarik gabe, kontseilariek azalduko dute iaz euren soldatak zenbait hilabetez jaitsi zituztela eta hori orekatu behar dela, baina espedientearen heburua 7 milioi euro aurreztea bada epe ertainean, agian zuzendaritzak kobratzen dituen milioietan jarri beharko litzateke begirada, lehenik eta behin. Iaz, soldatak murriztuta, ia 1,5 milioi euro jaso zuten kontseilariek, hau da, Laudio eta Amurrioko kaleratzeei esker aurreztu nahi dutenaren %20.
Kudeaketa bikainaren saria?
Esan bezala, 2021eko kudeaketa ez da eztabaidatuko, printzipioz, gaurko batzarrean, baina bai 2020koa eta horrek mahaigaineratuko du akziodunak zein neurrian diren 600 kaleratzeen konplize -129 Aiaraldean-. Argi eta garbi, akziodun nagusiek adostasuna adierazten badute egindako lanarekin eta soldaten proposamenekin, euren babesa helaraziko diete kaleratzeei.
Hala ere, Enplegua Erregulatzeko Espedienteak eta kaleratzeak defendatzeko emandako argudioak epaitegian nahikoak izan beharko lirateke egungo zuzendaritza kale gorrian jartzeko.
Kontuan hartu beharra dago egungo arduradunek azaldu zutela Aiaraldeko 129 langileak kaleratzea dela modu bakarra Tubacex taldea 2022an ez disolbatzeko. Hori egia balitz -jakina, ez dena-, kontseilariek azaldu beharko lukete nola den bateragarria hori enpresak duela hilabete gutxi esandakoarekin; 189,6 milioi euro zituela kutxan eta 265 milioi euro baino gehiagoko likidezia gainditzen zuela, nahikoa 2025era arteko maileguak ordaintzeko.
Kaleratzeak dibidenduak banatzeko
Azken egunetako epaiketetan Tubacexeko zuzendariek koadro katastrofista margotu dute etorkizunari dagokionez. Euren neurriak COVID-19ari ez lotzeko (legeak ez baitu hori baimentzen), enpresako arduradunek aldarrikatu dute petrolio eta gasaren merkatuak gainbeheran daudela eta energia berriak hartzen ari direla leku hori.
Planetaren jasangarritasunarentzat eta aldaketa klimatikoarentzat, dudarik gabe, albiste polita litzateke, baina diagnosia ez dator bat errealitatearekin. Bistakoa da petrolioa dela egungo gizartearen oinarria eta epe motzean ez da aldatuko. Aldaketa klimatikoaren kontra hartzen ari diren neurri asko kosmetikoak baino ez dira, garrantzitsuak izan arren.
Horren isla da pandemiaren garai honetan Brent kupelaren balioa 2019ko prezioetara igo dela. Eta ez hori bakarrik, petrolioa ekoizten duten herrialdeak eztabaidatzen ari dira abuzturako produkzioa igotzea. Horri erantsi behar zaio Joe Bidenen politika Irani dagokionez ez dela Trumpena bezalakoa -akordio nuklearra berpitzu nahi du, zigorrak alde batera utzita- eta 700 milioi euroko kontratua desblokeatzeko aukera ireki daitekeela.
Elementu horiek mahai gainean jarrita, susmagarria da zuzendarien aurreikuspen iluna, eta horrela balitz, ez litzateke ulergarria dirutza horiek banatzea hain garai latzak ate joka egonik. Horren aurrean, bi hipotesi baino ez daude. Edo kontseilariak harrapaketa prestatzen ari dira porrota aurreikusita, edo epaitegietako argudiaketa gezur hutsa da.
Kasu bietan, akziodunek euren jarrera babesten badute, konplizeak izango dira, hondamendian edo zinismoan. Izan ere, akziodunen artean mozkinak banatzea da kaleratzeen azken helburua.
Jakin badakigu jendeak, oro har, akzioak erosten dituela dirua irabazteko modu azkarrean eta seguruan, baina ez litzateke ahaztu behar kontseilarien itsukeriak zer nolako atakan jarri duen enpresa. Duela 130 egun baino gehiago ez dela ezer ekoizten Amurrio eta Laudioko lantegietan, eta epaiketak txanpon bat airera dira. Langileek irabaziz gero, zuzendaritza erridikuluan utziko dute.
Muturreko egoera hori ekiditeko bide errazena da akziodunek eurek akordioaren bitarteko konponbidea proposatzea, kaleratzerik gabekoa. Hau da, zuzendaritzak onartu ez duena eta epaitegian bertan ukatu duena. Puntu honetan, gogoratzeko modukoa da horien artean dagoela Eusko Jaurlaritza, zeinak akzioen %3 baino gehiago kontrolatzen duen pentsio funtsa baten bidez.
Akziodunen itsukeriaren aurrean, greba eta epaiketak
Hala eta guztiz ere, miraria dirudi akziodunek horrelako iniziatiba hartzea. Are gehiago Eusko Jaurlaritzaren orain arteko jarrera ikusita. Izan ere, Iñigo Urkulluk Legebiltzarrean zuzendaritzaren argudioak errepikatu zituen, hitzez hitz, greba hasieran. Gainera, ezin da ahaztu Nuria Lopez de Gereñu Garraio Kontseilari ohia ere Tubacexeko agintarien artean dagoela.
Ondorioz, akzioen jabeek egungo egoerari buelta ematen ez badiote, langileek borrokan jarraitu beharko dute, eta horrek esan nahi du egungo greba luzea mantendu beharko dutela eta epaitegian ere aurrera egin beharko dutela. Hain zuzen, aste hasieran izandako epaiketak lehen etapa baino ez dira, gero helegiteak etorriko direlako.