TUBACEX GREBAN

"Tubasex egutegiaren helburua da greban izan ditugun esperientziak islatzea eta erresistentzia kutxarako dirua lortzea"

Aitor Aspuru Saez 2021ko eka. 28a, 21:56

David Hernandez eta Oscar Rodriguez egutegiak erakusten Laudioko lantegiaren aurrean. / Aiaraldea.eus

DAVID HERNANDEZ eta OSCAR RODRIGUEZ Artziniegako bizilagunak dira eta Aceralava eta TTI enpresetan egiten dute lan. Biak egon dira “Tubasex” elkartasun egutegiaren egitasmoa bultzatzen.

Nola sortu zen egutegia egiteko asmoa?

Oscar Rodriguez: Ideia hauek sortzen diren moduan, bat-batean. Egon ginen aipatzen gure artean izugarria litzatekela horrelako zerbait egitea.

David Hernandez: Zehazki, goiz batean agertu zen ideia. Larunbat batean Amurrioko BM supermerkatuetako emakume langileekin geunden elkarretaratze batean eta talde txikietan hasi zen jendea esaten: “ezetz egin suhiltzaileek edo poliziak egiten duten tankerako egutegia”. 

Erizek erantzun zuen: “nola ezetz?”. Paper batean hasi zen idazten hainbat lagunen izenak. Jendeak ez zekien ezta zertarako zen eta galdezka hasi zen. 

O.R.: "Egutegi 'sexya' izango da", aipatu genuen. 

D.H.: Bai, tono hori izan behar zuen. Batzuek izena eman zuten eta beste batzuen izenak jaso ziren.

O.R.: Bai, zehazki, nik zurea eman nuen (barreak). Horrela hasi zen ideia eta 10 egunetan 20 langile geunden zerrendan.

"Amurrion BM supermerkatuetako emakume langileekin egindako elkarretaratzean sortu zen ideia egutegia egiteko"

Nola zabaldu zenuten zuen artean?

D.H.: Telegram talde bat dugu eta hor zabaldu genuen parte hartzeko deia. Jende askok eman zuen izena, batzuek, gehienbat, entzuteko zein ekarpen egiten genituen besteok. 

Horrekin batera, Janire Usategi Jare Estudioko kideak egin nahi zuen ekarpena erresistentzia kutxan. Bere lagun batzuek, Tubacexeko langileak, aipatu zioten aurreikusita zegoela elkartasun egutegia egitea, eta ea berak bere burua prest ikusten zuen horretarako, argazkiak egiteko; doan, jakina.

Orduan, Whatsapp taldea sortu genuen inplikatuak geunden guztiokin, ideiak lantzeko. Gero, Janire Usategirekin hitz egin genuen, azaltzeko zein zen gure ideia. Hasierako asmoa zen estudio argazkiak egitea, baina berak kanpoaldean egiten ditu. Hori azaldu zigun eta askatasun osoa eman zigun. 

Zer egin zenuten orduan?

O.R.: Gure artean hilabeteak banatzen hasi ginen, erabakitzeko zenbat jende agertuko zen irudi bakoitzean, eta handik aurrera lanean hasi ginen; zeintzuk ziren argazkien ideiak, kokapenak, Janirerekin hitz egitea... Argazkien zirriborroak egin genituen eta aurkeztu genizkion. Ontzat eman zituen eta egunak bilatu genituen egiteko, bere ordainduzko lanak ez oztopatzeko.

Bi arratsalde libre izan zituen eta abiadura bizian egin genituen.

D.H.: Bai, bi saioak izan dira azkarrak. Bat Amurrio eta Urduña artean eta bestea Laudion. Laguntza izan dugu Urduñan enpresa batean egiteko, Laser Bakiolan, hain zuzen. Beste batzuk Lanbiden egin ditugu, lantegien ateetan... 

Baten bat aldatu behar izan dugu ez genuelako baimenik. Adibidez, nik egin nahi nuen bat aldageletan, zerbait sinbolikoa baitzen gure greban. Kaleratuoi agindu gintuzten aldageletara joatea gure gauzak jasotzera. Hori ezin izan dugu egin, baina, oro har, egutegiaren asmoa mantendu da. 

Alegia, egutegiaren ardatza dira 4 hilabeteko greban izaten ari garen bizipenak. Izan ditugun aro ezberdinak. Esaterako, urtarrilean bidoiak sutan ikusten dira, behar izan genituelako hotzari aurre egiteko. 

Beste hilabete batzuk zentratuagoak daude enpresan, eta Oscarrena omenaldia da.

"Argazki guztiek islatzen dituzte gure esperientziak greban"

O.R.: Bai, nireak omentzen ditu 1992. urteko Tubacexeko borrokak. Omenaldia da garai horretan borrokatu zuen jendearentzat. Egun duguna lortzeko borrokatu ziren eta horri eutsi behar diogu. 

D.H.: Beste argazki batean agertzen da txakurra, jende askok ekarri dituelako bere animaliak piketera. Badago ere beste irudi bat ume batekin, ze grebalari asko etorri dira euren seme-alabekin. Lanbideko argazkiak ere garrantzia du. Hilabete horretan kaleratu gintuzten eta joan behar izan ginen Lanbidera paperak egitera. 

Argazki guztiek islatzen dituzte gure esperientziak. Hiri gurutzetakoak, adibidez, islatzen du hemen egindako prozesioa (oso kritikatuak izan ginen egiteagatik, eliza katolikoa iraindu genuelako, antza).

Argazki arraroena agian da Olentzero eta Maridomingirena. Nik hor irudikatu nahi izan dut, Josurekin batera, abenduan Olentzero eta Maridomingi etortzen direla Euskal Herrira eta zuzendaritzari ikatza ematen diotela. Azpiko esaldian hori jaso nahi izan dugu. Iñaki Cabezak euskaratu du, ideia da txarra enpresa barruan geratzea -ikatza- eta ona gurekin. Horretarako dauka Maridomingik eguzkilorea, babes moduan. Zuzendaritzak egin digunari buelta emateko saiakera da.

Printzipioz, norbaitek entzuten badu metalezko enpresa baten langileek “Tubasex” deituriko egutegia egingo dutela, ikaratu egingo da seguraski. Hala ere, egutegia oso gustu onez eginda dago, emakumezko eta gizonezkoak agertzen dira eta gorputz eredu oso anitzak. Landu zenuten hori aurretik?

O.R.: Dena ondo hausnartuta dago. “Tubasex” hitza ikusten duzunean, agian okerrena espero duzu, baina gustu eta maitasun handiz eginda dago. Ez da ez pornografikoa ezta zakarra ere. Eta agertzen garenak pertsona arruntak gara. Ez itxaron suhiltzaile gorputzak, ez baitira agertuko. Langileen artean badaude horrelako gorputzak, baina ez zen hori helburua. Xedea zen, hain zuzen, egin duguna; jende arrunta, gorputz arruntekin. 

"Tubasex hitza irakurtzen duzunean, okerrena espero duzu, baina gustu eta maitasun handiz eginda dago"

D.H.: Hasieratik asmoa zen izena ematen zuen jendea agertzea, inolako bereiztasunik gabe, ez generoa ez itxura, ez ezer. Emakume asko daude, baina nahi genuen gehiago egotea. Egia esanda, hasieran bazeuden gehiago, baina jende oro ez zegoen prest edo ez zen eroso sentitzen.

Janireri buruz esan beharra dago dena oso eroso egin duela, oso eskuzabala izan dela.

O.R.: Bai, Janire maitagarria izan da eta esan dezakegun guztia ona da. 

D.H.: Horrek erraztu digu argazki horiek egitea, askotan leku publikoetan edo kalean, ikusgai egonda. Hala ere, guk, gure artean, kolektibo moduan, lasaitasuna sortu genuen. Zerbait polita izango da, bizitza osorako, oroigarri moduan geratuko dena. Esperientzia hau gogoratuko digu. Guztiontzat oroitzapen txarra izango da, borroka honen arrazoia ezatsegina baita, kaleratuontzat zein kaleratuak izan ez direnentzat. Ondorioz, helburua bazen ere esperientzia atsegina izatea, ondo pasatzea eta zerbait ezberdina egitea. 

O.R.: Eta nola ez, borrokaren Erresistentzia Kutxari ekarpen ekonomikoa egitea.

D.H.: Bai, argazkilariak doan egin du, eta Adi Grafikek merkeagoa inprimatu dizkigu. Ondorioz, ekarpena handiagoa izango da.

Sortu dituzuen irudien artean, batzuk erraz ulertzen dira eta beste batzuek, ordea, hausnarketaren bat behar dute, ezta?

O.R.: Batzuk hain errazak dira, ezen ez baitute behar azalpenik. Pertsona bat biluzik dagoenean eta atzean enpresa ikusten denean, edo pankartarekin agertzen denean kaleratzeen aurka, ez dago ezer esaterik. Argi dago mezua dela enpresak biluzik eta kale gorrian utzi nahi gaituela. 

Beste batzuk, aldiz, ez dira hain argiak. Adibidez, tren geltokian daudenak bi lagun dira. Beti bidaiatu dute elkarrekin, baina bat kaleratu dute eta bestea ez. Argazkiak hori iradoki nahi du. 

"Ez itxaron suhiltzaile gorputzak, ez baitira agertuko. Langileen artean badaude horrelako gorputzak, baina ez zen hori helburua. Xedea zen, hain zuzen, egin duguna; jende arrunta gorputz arruntekin"

D.H.: Bai, biek bidaiatzen dute, baina agian bidaia honetan bat ez da itzuliko. Irudi guztiek dute esanahia. Horregatik, 9 hilabetetan esaldia dago argazkiaren azpiko partean, mezua zein den adierazteko. 

O.R.: Beste batzuetan ez da hain argia. Esaterako, Erizen argazkian omenaldia egin die bere lagunei. Langile bat hil zenean Tubacexen lan istripuan, ekintza egin zuten eta enpresak salatu zituen. Hori agian azaldu beharra dago.

D.H.: Ez dut uste, hala ere, dena azaldu behar dugunik. Aiaraldean jende gehienak bizi izan du gertutik gure lan gatazka, gure arazoak Ertzaintzarekin, gure ibilaldiak Eusko Legebiltzarrera, piketeak, mendi ibilaldiak... Nire aburuz, egutegiak hori guztia jasotzen du. Ez arlo guztiak, baina bai gehienak. 

Azalak berak argi uzten du non gauden eta nor daukagun aurrean. Dena den, nik egutegia bere osotasunean ulertzen dut, ez argazkiz argazki. Badakigu zer den “Tubasex”; parte bat da gorputza eta bestea da lan gatazka. 

Janire Usategik horrela ulertu du eta kontzeptua oso gogoko izan du. Bere babesa izatean asmatu dugu bete-betean.

Non lortu daiteke egutegia eta zenbat balio du?

O.R.: Egutegiak 10 euro balio du. Ez da garestia. 1.000 kopia argitaratu ditugu eta beharrrezkoa bada, gehiago egingo ditugu. Laudio zein Amurrioko piketeetan eskuratu daitezke eta Itxina Tabernan Orozkon, Herriko Tabernan Amurrion eta Haitzulo Tabernan Laudion. 

Gaur hasi gara, nahiz eta ostiralean ikusgai izan genituen. Herri gehiagora joango gara saltzera eta ea zer moduzko harrera duten. Azken helburua da elkartasun eta erresistentzia kutxa finantzatzea.

Amaitzeko, berriro azpimarratu nahi dugu ez daukagula hitzik eskerrak emateko Aiaraldeari. Eskualde osoak eta inguruko herriek babesten gaituzte eta izugarria da. Sinestezina.

D.H.: Hau guztia jadanik ez dugu egiten bakarrik gugatik. Izugarria da nola lagundu gaituzten ostalaritzak, merkataritzak, greba batzordeak, Ernaik... Hau ez da soilik enpresan bizi izan dugunagatik, bada batu zaigun jendeagatik. Horretarako ez dago hitzik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide