ANALISIA

Tubacexeko zuzendaritzak greban erabilitako argudio nagusiak gezurtatu ditu sententziak

Txabi Alvarado Bañares 2021ko uzt. 7a, 10:00

Tubacexeko kaleratzeak baliogabetu dituzte atzo argitaratutako bi sententziek. / Aiaraldea.eus

Zuzendaritzak aurkeztutako argudioak legeari iskin egiteko “alferrikako saiakerak” baino ez dira, epaileen aburuz. 

Atzo argitaratu ziren Tubacexeko kaleratzeen aurkako sententziak, TTI-koa eta Aceralavakoa. Biak lerrokatu ziren langileen alde, zuzendaritzak ezarritako Enplegua Erregulatzeko Espedienteak baliogabetuta. 

Elkarrekiko independenteak diren arren, bi ebazpenek bat egiten dute kaleratzeak nulu izendatzeko emandako argudioetan. Bi sententziek ondorioztatu dute zuzendaritzak arrazoi koiunturalengatik (COVID-19aren pandemiagatik, alegia) ezarri zituela kaleratzeak, eta ez arazo estrukturalak medio. 

Hau da, epaileek bat egin dute sindikatuek greban plazaratutako tesi nagusiarekin: Tubacex krisi koiuntural bat bizitzen ari dela eta, ondorioz, neurri koiunturalak behar dituela, ez kaleratzeak. 

Aceralavako kasuan, epaileek adierazten dute COVID-19 birusa azaldu baino lehen, arazo estrukturalak ez zirela horren garrantzitsuak. Horren adibide dira 2020an hartutako neurriak, 2019an hartutakoen antzekoak baitira: "Pandemia agertzean bakarrik egin zuen okerrera enpresaren egoerak".

Epaileentzat, horren froga argiena da "enpresak ez zuela Enplegua Erregulatzeko Espedientea abiatu 2021eko otsailera arte." Hau da, ez zela hain larria egoera horrenbeste itxaron bazuten esku hartzeko. Gainera, epaiak argi adierazten du Aceralavako emaitzak 2019an oso positiboak izan zirela.

Enpresak berak aitortuta

TTIko sententziaren arabera, enpresa bera da COVID-19aren eragina aitortzen duena. “Kaleratze gutun indibidualetan COVID-19a aipatzen da espreski, enpresak 2020an izandako emaitzen faktore erabakigarri moduan”. 

Zuzendaritzak emandako argudioen aurka ere egiten du ebazpenak. Epaileen arabera, legeari iskin egiteko “alferrikako saiakera” bat baino ez da kaleratzeen kausa “COVID-19aren aurreko garaietara” edo bestelako testuinguruetara lotzea. Gauzak horrela, epaileek ebatzi dute 2019 eta 2020. urteetan emaitza negatiboak izateak ez duela horrelako kaleratze kolektibo bat justifikatzen.

Tubacexek 2020ko kontabilitatean sartu zituen  aurten eginiko kaleratzeen kalte-ordainak, eta egoera negatiboaren “handitze faltsu bat” eragin du horrek

Horrez gain, datu batek “arreta” deitu die epaileei: zuzendaritzak uko egin ziola gizarte segurantzako kotizazioetatik salbuesteari, iaz aurkeztutako Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedienteek iraun bitartean. “Datu horrek argi uzten du enpresaren egoera zifra hotzek erakusten dutena baino lasaiagoa dela”, nabarmendu dute.

Horrez gain, ELAko peritoak erakutsi bezala, Tubacexek 2020ko kontabilitatean sartu zituen 2021ean eginiko kaleratzeen kalte-ordainak, eta egoera negatiboaren “fikziozko handitzea” eragin du horrek. 

Aceralavako sententziaren kasuan, epaileek ondorioztatu dute 2019ko datuak “oso positiboak” izan zirela enpresarentzat, eta pandemia agertu zenean eman zela aldaketa. 

Argudio aldaketa

Horrez gain, TTI-ko epaiak nabarmentzen du enpresak argudio bat aldatu zuela prozeduraren erdian. Izan ere, zuzendaritzak argudiatu zuen petrolioaren prezioa jaisteak eragin oso negatiboa duela fabrikan. “Baina, beranduago, enpresak albo batera utzi zuen argudio hori, petrolioaren prezioa igotzen ari denaren jakitun. Estrategia aldaketa horrek argi uzten du ez dagoela Enplegua Erregulatzeko Espedientea sostengatzeko kausa produktiborik”. 

Etorkizunari begirako aurreikuspenak, “hipotesi huts”

Enpresak etorkizunari begira eginiko aurreikuspen ezkorrak, aldiz, “hipotesi” hutsak dira TTIko auziko epaileen ustez, eta ez dira behar bezalako sendotasunez argudiatu. Horri gehitu diote TTIk badituela epe luzerako kontratuak. Antzera pentsatzen dute Aceralavakoek: “enpresak, une honetan egoera ekonomiko negatibo batean dagoela esan baino, etorkizuneko egoera bati egiten dio erreferentzia”. 

Horrez gain, Aceralavako epaian epaileek argitzen dute aurreikuspenek bakarrik dutela eragina alde ekonomikoan eta ez dutela esparru produktiboan eta antolakuntzan eragiten, baldin eta ez badira aurretik neurri zuzentzaile horiek hartzen. Epaileen aburuz, neurri zen neurri zuzentzailerik aurretik hartu arrazoi erraz bat dela medio: COVID-19ak sortu dituelako arazoak.

Gainera, epaileek zalantzan jartzen dituzte enpresaren aurreikuspen ezkorrak, sindikatuen perito baten argudioak aintzat hartuta.

Enpresak etorkizunera begira eginiko aurreikuspenak “hipotesi hutsak” dira, epaileen ustez

Onartu gabeko salaketak

Hala ere, epaileek ez dituzte sindikatuek plazaratutako argudio guztiak aintzat hartu. Izan ere, sindikatuek beste hainbat gauza ere salatu zituzten epaiketan: enpresak grebarako eskubidea urratu zuela, fede txarrez jokatu zuela negoziazioetan, ordezkari sindikalen aurka jo zuela eta sexuaren araberako diskriminazioa egin zuela kaleratzeetan. Hori guztia ukatu dute sententziek. 

Epaileen arabera, ez da frogatu kaleratzeek emakume langileei bereziki eragin dietenik. Epaileen ustez, Enplegua Erregulatzeko Espedienteak ez ditu lanaldi murrizketan dauden pertsonak modu orokortuan kaltetu, kaleratutako beharginen %18a egoera horretan dagoen arren TTIren kasuan. 

Edonola ere, epaileek gogorarazi dute sindikatuek plazaratutako salaketa horietako batzuk berriz aztertu daitezkeela langile kaleratuen epaiketa indibidualetan.

Bide batez, epaileek ezer ezean utzi dute zuzendaritzaren argudio errepikakorra; sindikatuek ez zutela negoziatzeko borondaterik. Aceralavako epaian, esaterako, jasotzen da langileen ordezkarien proposamena: behin behineko neurriak hartzea, emaitza negatiboek iraun bitartean, kaleratzeak ekiditeko.

Horren aurrean, zuzendaritzak behin eta berriro eutsi zion indarrezko kaleratzeen bideari.

Aceralavako kasua landu zuten hiru epaileetako bat ez dago ados sententziarekin

Boto partikularra 

Aceralavako kasua landu zuten hiru epaileetako batek (Maite Alejandro Arazamendik) boto partikularra eman du sententzian. Izan ere, bere ustez, kaleratzeak ez lirateke nulu izendatu beharko, “Zuzenbidera egokitu gabeak” baizik. 

Epaileak bat egiten du sententziak plazaratutako ondorio nagusiekin, baina kaleratzea nulua izendatua izateko “egoera larriagoa” eman beharko litzatekeela argudiatzen du (diskriminazioak edo oinarrizko eskubideen urraketak kasu). 

Horrez gain, gaineratu du pandemian indarrean jarritako Errege Dekretuak “iraupen mugatuko egoera koiuntural” bati erantzuten diola, eta orain ematen ari den egoera jada ezin dela behin behineko egoeratzat hartu.

Era berean, langileak derrigorrez berronartu behar izatea ere jarri du zalantzan, horrek “enpresaren biziraupena eta gainontzeko langileen enpleguaren egonkortasunean” eragin ahal duen kasuetan. Gauzak hala, Espainiako Auzitegi Gorenak “doktrina bateratzea” espero du epaileak, “gaur egungo ziurgabetasun juridiko ez desiragarriarekin amaitzeko”. 

Helegiteak

EAEko Auzitegi Gorenaren erabakiak irmoak izan arren, Tubacexeko zuzendaritzak aukera du bi epaiei helegitea jartzeko Espainiako Auzitegi Gorenean. Bost egun ditu horretarako, eta atzo aurreratu zien hedabideei hala egiteko asmoa duela. Gauzak horrela, datorren urtera arte luzatu daiteke bide judiziala. 

Ikusteke dago Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko epaileen ondorioekin bat egiten duen edo ez. Hori bai, gauza bat aurreikusi daiteke: presioak (ekonomiko, politiko zein mediatikoak) areagotu egin daitezkeela. Izan ere, Auzitegi Gorenera joatea da Tubacexeko zuzendaritzak une honetan duen jokaldi bakarra. Horregatik, lan-gatazka honetatik onik atera nahi badu, ondo jokatu beharko ditu bere kartak datozen hilabeteetan, orain baino hobeto.

Baina, bien bitartean, epaileek agindu zuzena helarazi diote Tubacexi: kaleratutako langilea berronartzea eta kaleratu zituztenetik zor dizkieten soldatak ematea. 

Pilota zuzendaritzaren teilatuan dago, beraz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide