PCB-ITP Aerok hartutako bide beretik jotzea erabaki du Tubacexeko zuzendaritzak: kaleratzeak baliogabeak izan arren, langileei lan egiten ez uztea.
Hain zuzen, Tubacexek iragarri du 129 langileen irteera planak banan-banan aztertuko dituela, eta bien bitartean soldata kobratuko dutela, baina lanik egin gabe, Ezkerraldeako enpresak egin bezala, 297.2 artikuluak horretarako tartea ematen baitie enpresariei.
Indarrean dagoen Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedientea luzatzeko beharra adierazi du zuzendaritzak
"Zailtasun ekonomiko larriak" argudiatu ditu enpresak erabakia hartzeko, eta indarrean dagoen Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedientea irailetik aurrera ere luzatzeko beharra adierazi du.
Enpresa Batzordearen erantzuna
Erabakia ez dator bat iragan astean Enpresa Batzordetik eskatutakoarekin: Tubacexek EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia bete eta kaleratutako langileak euren lanpostuetara itzultzea.
Hain zuzen ere, helburu hori erdiesteko luzatu zuten langileek gaurko bilera egiteko proposamena, eta jasotako erantzunaren ostean "galdutako aukeratzat" jo dute.
Ordezkari sindikalak bilduta daude orain, erabakia baloratu eta hurrengo urratsak zehazteko. Bien bitartean, bihar -uztailak 14- arratsaldeko 18:30ean Laudioko piketetik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin diete Aiaraldeko herritarrei.
Prentsari sindikatuei baino lehen
Zuzendaritza langileen ordezkariekin Bilboko hotel batean bilduta zegoen unean egin du salto prentsara albisteak, bilkura amaitu gabe zegoela. Enpresa Batzordeak berak baieztatu dio zuzendaritzaren jokaera Aiaraldea Komunikabideari.
Sindikatuen iritziak
ELA sindikatuaren ustez, "gatazkari eustearen alde" egin du zuzendaritzak, eta "oso albiste txarra" da hori: "epaiak agerian utzi baitzuen ez dagoela EEEa aurkezteko inolako arrazoirik eta, beraz, erabaki honek erakusten du zuzendaritzak gatazkaren hasierako egoerari eustearen alde egin duela".
Horrez gain, "kontraesan nabarmena" dagoela uste du sindikatuak, langile kaleratuen soldatak berdin berdin ordaindu beharko dituelako enpresak.
LABek, bere aldetik, "inolako eskrupulurik ez izatea" leporatu dio zuzendaritzari, eta "prestigio-galtze kanpaina bat" dagoela nabarmendu du, "Tubacexeko langileekiko eta haien borrokarekiko, eskualde oso batekiko eta baita auzitegiekiko ere". Sindikatu abertzalearen aburuz, EAJ eta Urkullu lehendakaria dira gertatutakoaren erantzule zuzenak, horrelako erabaki bat euren oniritzirik gabe hartzea ezinezkoa izango litzatekeela argudiatuta. "Berriro ere, argi geratu da langileen eta eskualde baten interesen gainetik, patronalaren eta haren diru-gosearen alde daudela".
Gauzak hala, borrokatzen eta mobilizatzen jarraitzeko deia luzatu dute LABeko kideek, "kaleratutako pertsona guztiak beren lanpostuetara itzuli eta iragarritako errekurtsoa erretiratu arte".