Gaur bildu da Tubacexeko Enpresa Batzordea atzo jasotako epaiaren balorazioa egin eta greba mugagabearen hurrengo urratsak zehazteko. Langileen ordezkariek "oso positiboki" baloratu dute Justizia Auzitegiak kaleratzeak baliogabetu izana.
Enpresa Batzordearen iritziz, sententziak arrazoia ematen die negoziaketa prozesuan zehar langileek mahai gainean jarritako argudioei: "Sententziak argi uzten du ez zegoela Enplegua Erregulatzeko Espedientea ezartzeko inolako justifikaziorik".
Zuzendaritzari eskaera
Tubacexeko zuzendaritzari sententzian jasotakoa betetzea besterik ez zaiola geratzen adierazi du Enpresa Batzordeak, epaileek zehaztu bezala: Langile guztiak berriro hartzea, eta euren lanpostuetara bueltatzea, kaleratuak izan aurretik zituzten baldintza berdinekin.
Tubacexeko zuzendaritzari sententzian jasotakoa betetzea besterik ez zaiola geratzen uste du Enpresa Batzordeak
Zentzu honetan bilera eskaera luzatu diote Tubacexi, sententziak irekitako agertoki berriaz eta honen exekuzioaz hitz egiteko.
Instituzio publikoetara ere zuzendu dira langileak, enplegua bermatzeko promesak betetzea eta lan erreformak indargabetzea eskatuz: "langile gehiago ez daitezen egoera berdinean aurkitu".
Manifestazioa
Eskualdeak Tubacexeko beharginen borrokan erakutsitako elkartasun guztia eskertzeko manifestazioa deitu du Enpresa Batzordeak datorren uztailaren 14rako -asteazkena-. Mobilizazioa Laudioko Tubacexeko lantegi aurretik abiatuko da, 18:30ean.
Atal sindikalen balorazioa
Gaur goizean sententziaren balorazioa egin dute Tubacexeko hainbat atal sindikalek. ELAk prentsaurrekoa eskaini du sententziaren nondik norakoak aletzeko. Sindikatuaren iritziz, epaiak agerian utzi du enpresaren iruzurra.Izan ere, eta horrela jasotzen dute epaiek, Tubacexek galerak puztu zituen kaleratzeak justifikatu ahal izateko. "Hau oso larria da, eta oso zorrotz aztertuko dugu, erabakitzeko ea enpresak beste nolabaiteko erantzukizunik ez ote duen", adierazi dute sindikatuko kideek.
ELAk balioan jarri ditu sindikatutik gauzatutako perito lanak, "gezurtatu egiten baititu enpresaren argudio guztiak". Bost eguneko epea du orain enpresak langileak berronartzeko. Hori egin ezean, ELAk ohartarazi du greba mugagabearekin aurrera jarraitzea baloratuko duela.
Espainiako Auzitegi Gorenean aurkeztutako helegitea erretiratzea eskatu du LABen atal sindikalak, honek gatazkaren luzatzea ekarriko lukeela ulertuta
LAB sindikatuak epaia onartzea eta langileak berriro hartzea eskatu dio Tubacexi, eta gaur egungo zuzendaritzaren eta Jesus Esmoris kontseilari delegatuaren dimisioa eskatu du, “solaskide baliodunak” izateari utzi diotela argudiatuta. Borrokan jarraituko dutela adierazi dute sindikatutik: "gatazkaren beste etapa bat besterik ez da hau".
Beste eskaera zehatz bat ere luzatu diote LABeko atal sindikaletik zuzendaritzari: Espainiako Auzitegi Gorenean aurkeztutako helegitea erretiratzea, honek gatazkaren luzatzea ekarriko lukeela ulertuta. "Baldintza hori ezinbestekoa da mehatxurik gabe hitz egin ahal izateko eta fase honi eta gatazkari ahalik eta ondoen amaiera emateko", azaldu dute sindikatuko ordezkariek.
Askotan esan dugu baina errepikatu nahi dugu, hau guztion garaipena da, langileon garaipena da.
— LAB Tubacex-Acva. (@labtubacex) July 6, 2021
Eman diguzuen elkartasuna eta maitasuna barik dena ezberdina litzateke.
ESKERRIK ASKO, INOIZ EZ DUGU AHAZTUKO!!
BORROKA ALA HIL!! pic.twitter.com/3gyytNcGXG