Doako hiru ekintza prestatu ditu Faktoriak uztailaren bigarren hamabostaldirako. Datorren ostegunean -uztailak 22- Kateak ate bikote akustikoak joko du. Gaur eskaini behar zuten kontzertua, baina azken unean atzeratu behar izan dute, osasun arazoak medio.
Jone Urruela eta Josu Arrieta musikariek osatzen dute Kateak ate taldea. Kanta ezagunen bertsioak jotzen dituzte batez ere, baina abesti propioren bat ere taularatuko dute.
Hurrengo egunean -uztailak 23, ostirala- Ertzetik ikuskizunaren txanda izango da. Oihane Perea eta Izar Mendiguren bertsolariek eskainiko dute, Mikel Goikuria eta Miren Iñake Miguelekin batera. Diziplina anitzeko saioa izango da. Bizitzaren hainbat arlori buruzko “hausnarketa musikatu eta umoretsuak” plazaratuko dituzte, “euskal umore hegemonikotik ihes eginda”.
Ikasturte amaierako jaia
Hilaren 29ean, aldiz, ikasturte amaierako jaia egingo dute, arratsaldeko zortzietatik aurrera. Dantzetan Jarrai arduratuko da arratsaldea eta gaua girotzeaz, eta beste hainbat gauza ere egongo dira: igerilekua, edari eskaintza berezia eta Ekonomatuko produktuen enkante ezkutua, besteak beste.